Gaur, maiatzak 13, irekiko da udaleku irekietarako eta Txiki Txokorako izen-emate epea. Urritza Aisialdi Elkarteko kideak Katxopa gaztelekuan egongo dira aste honetan, arratsaldez; hau da apuntatzeko finkatu duten ordutegia:

  • Maiatzaren 13an, 16:00etatik 19:00etara.
  • Maiatzaren 15ean, 16:00etatik 19:00etara.
  • Maiatzaren 17an, 16:00etatik 20:30era.
  • Maiatzaren 18an, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
  • Maiatzaren 19an, 16:30etik 20:00etara.

Ohi moduan, izen-ematea eta baimen orriak bete beharko dira (Katxopan egongo dira eskuragarri).

Kirol udalekuak

Era berean, maiatzaren 30era arte zabalik dago Getariako kirol udalekuetan izena emateko aukera. 2003 eta 2013 artean jaiotako haur eta gazteentzako eskaintza da.

Horrela, hainbat kirol sustatuko dira herriko gaztetxoen artean, hala nola, futbola, eskupilota, eskubaloia, baseballa, hondartza futbola, atletismoa, saskibaloia, errugbia, patinajea, mendi bizikleta, frontenisa, mendizaletasuna, jolasak eta herri kirolak.

Uztailaren 1etik 26ra izango dira saioak; hilabete osoko parte-hartzea 110 euro ordaindu beharko da eta hamabostaldi batekoa 70 euro. Plaza mugatuak direnez, izena eman behar da Sahatsaga kiroldegian.

Informazio gehiago lortzeko getariakokiroludalekuak@gmail.com helbidera idatzi edo 696500717 telefono zenbakira dei daiteke.