New Yorken dira orain Txomin Etxaniz txakolineko ordezkariak euren txakolina promozioanatzen. Lehengo astean Japonian izan ziren, Maisor eta Gaintza txakolinarekin batera, beraien produktuak, eta bide batez Getariako gastronomia, erakusten eta merkatu berrietara zabaltzen.

Irudia: Txomin Etxaniz Estatu Batuetan

“Hori guztia Caprice proiektuari esker izan da”, dio Maisorreko komunikazio arduradunak. “Esperientzia berria da guretzat. Japonian gauden lehen aldia da eta bertako merkatua ezagutzeko aukera eman digu. Ezinezkoa litzateke halako merkatu batean gu bakarrik sartzea”. HAZIk  antolatutako hiru urteko proiektua da CAPRICE eta euskal produktuak kanpoko merkatuan zabaltzea du helburu.

Maisor eta Gaintzako ordezkariak Japoniatik bueltatu dira baina proiektuak Estatu Batuak ere badu jomuga, eta oraindik han dira Txomin Etxanizekoak.

Japonia

Japonian 20 ekoizle inguru bildu dira antxoa, hegaluzea, piperrak eta txakolina bultzatzeko asmoz. “Gustuko dituzte gure produktuak”, dio Joseba Lazkano Gaintza Txakolineko komunikazio arduradunak, Japoniatik. ”Ni gustura, atsegin dut japoniar kultura eta, gainera, euskaldunok antzekotasun asko ditugu beraiekin tradizioen esentzian”, gaineratu du.

Berarekin bat egin du Maisorreko arduradunak herriko produktuei egindako harrera onaz hitz egitean: “Getariako antxoa eta txakolina izugarri gustatu zaizkie. Antxoaren kasuan, adibidez, produktuak ezagutzen dituzte, horrek asko errazten du bidea. Ez dute antxoa gazitua lantzen, baina ezagutzen dute euskal, espainiar eta italiar gastronomiarekin lotzen dutelako”. Txakolinaren kasuan, ardoa modan dagoela diote Maisorrekoek eta txakolina bezalakorik ez dutela azpimarratu dute Gaintzakoek:  “Ezberdina da eta ez dute antzeko ezer.”

Caprice proiektua

Caprice proiektuak ikuspegi berritzailea planteatzen du Japoniako eta Estatu Batuetako kontsumitzaileen eta merkatuen dinamizatzaileen arreta bereganatzeko. Horekin batera, esperientzia gastronomiko bat planteatzen du, kopa bat ardo dastatzeko, kalitatezko produktuekin lagundutako aperitibo batekin. Txakolinaren eta pintxoaren arteko konbinazioa kultura eta tradizioa dastatzeko gonbidapen bat da, eta asmoa ez da soilik sustatutako produktuak Japoniara eta Estatu Batuetara gehiago esportatzea, baizik eta baita ere horiei lotutako jatorria, zaporea eta tradizioa ezagutaraztea.

Capriceren mezu nagusia da “Fancy the European appetiser”, laguntza programaren lemaren ildo berean, “Enjoy, it’s from Europe”. Ia bi milioi eta erdiko aurrekontuarekin, AGRI-SIMPLE-TC programaren bidez %80 finantzatuta, Caprice programak sustapen eta marketing ekintzak jasotzen ditu Europako produktuak, kultura, tradizioa eta gastronomia ezagutzera emateko.

Horretarako bi ekitaldi nagusi egin dituzte Japonian, Maisorreko arduradunak azaldu duen bezala, “alde batetik, showrooma: inportatzaile, banatzaile eta jatetxeei zuzendutako produktuen aurkezpena eta dastaketa; bestetik, afaria, harremanak sakontzeko eta gure produktuen aplikazioa erakusteko”.

Helburuak

Helburu nagusia da Jatorrizko Deitura duten txakolinak (Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina) Japonian eta Estatu Batuetan sustatzea, kalitateko marka duten produktuekin lagunduta, tartean daudelarik Eusko Labeleko Ibarrako Piperrak eta Euskadiko Kantauriko Antxoa eta Hegaluzea. Bide batez, esportazioak handitu nahi dira bi herrialdeetara.

Bigarren mailako helburua da AEBko eta Japoniako agente merkaturatzaileen ezagutza eta sentsibilizazioa areagotzea Europako kalitatezko nekazaritza elikagaien jatorri, tradizio eta kontsumoari dagokionez.Era berean, bi herrialdeetako biztanleak, oro har, informatu nahi dira produktu horiei buruz, hainbat komunikazio ekintzaren bitartez.