48 ordu eskas geratzen dira Getariako Gaztetxearen urteurrenaren ospakizunerako. Aurtengo leloa, “Hamaika ikusteko jaioak gara” damazkin urte guzti horrei egiten dio erreferentzia. 11 urtez, Getariako Gaztetxeak ekintza desberdinak antolatu ditu urte guzti hauetan; batukada, dantza ikastaroak, talo postuak, antzerkiak, zineforumak, eztabaida taldeak, bertso afariak eta noski, kontzertuak. Kontzertuekin ospatu zituen iaz. 10. urteurrena; Kaotiko eta En Tol Samiento izan ziren eguneko protagonistak baina bestelako ekintzak ere egin ziren; jolasak, bazkari herrikoia etab.  2019ko edizio honetarako ere izen handiko taldeak, ekarriko dituzte larunbatean, EH Sukarra eta Fly Shit, besteak beste. Hona hemen EH Sukarraren azkenetako bideoklipa:

Sarrerak

Antolatzaileen arabera, 150 sarrera jarri ziren salgai Taxko tabernean eta Gaztetxean, horietatik “gutxi batzuk falta dira saltzeko” adierazi du, antolatze lanetan ari den Haritz Estebanek. “Iaz herrian ospakizunak izan zuen arrakasta ikusita, gora ekarri nahi genuen festa, Gaztetxera” azpimarratu du. “Oraindik erosi ez duenak, aukera izango du erosteko ostirala arte” eta sarreraren bat geratuz gero, “gaztetxean bertan erosi ahal izango dute” baina, jarraitu du Estebanek “ez dugu ziurtatzen egongo direnik eta gomendatzen dugu gaur edo bihar erostea”.

“Iaz kontzertuak doan izan ziren urte espeziala zelako,10. urteurrena, borobila” eta gainera, “frontoia betetzea lortu genuen eta hori gutxitan gertatu da herri honetan… herriko San Salbadoretan ere ez da hainbeste pertsona gerturatzen eta are gutxiago kontzertuetara” aitatu du Estebanek. Aurten aldiz, 5€ ordaindu behar da sarrera “horrekin kontzertuak ordainduko ditugu, baina gogoratu behar zaie, tiketen erosleei, afaria dohainik izango dela eta Gaztetxeak ordainduko duela”.

Urteurrenaren Egitaraua

Arratsaldeko 20:00etan hasiko da festa Krixketaneko Iturregaina kalean, dohainik izango den parrillada batekin. Ondoren, 22:30ean hasiko dira kontzertuak. Amaitzean, “pieza jartzaileekin” jarraituko du ospakizunak.