Getaitri Triatloi Klubak eta Zarauzko Balea Igeriketa taldeak I. San Anton Bira itsas-zeharkaldia antolatu dute uztailaren 14rako. Antolatzaileek adierazi bezala, astebete beranduago egingo den Getaria-Zarautz zeharkaldia prestatzeko proba izan daiteke. “I. San Anton Birak izen bereko penintsula inguratuko du, eta, pixkanaka, Gipuzkoako itsas zeharkaldietan finkoa izatea du xede”, azaldu dute.

“Oraindik ere sarri herriko arrantzaleek egiten duten gisan, sartaldetik sortalderako bidea egingo du zeharkaldiak. Gaztetapen izango du abiapuntua, Malkorben amaitzeko. Herriko bi hondartza nagusiak batuko ditu hala, eta hori izango du pizgarririk nabarmenena”, adierazi dute antolatzaileek. Horrela, igerilariek 2.600 metroko zeharkaldia egingo dute San Anton mendiaren ertzetik. Ibilbidea buiek mugatuko dute; parte-hartzaileek eskubitara utzi beharko dituzte Malkorbeko hondartza erdian egongo den helmugara iritsi bitartean.

Izen-ematea zabalik

Gaur bertan, goizeko 10:00etan, zabaldu da probako izen-ematea webgune honetan. Parte-hartzaile bakoitzak 23 euro ordaindu beharko ditu. Epea uztailaren 11ra arte egongo da irekita.

Dortsalak probaren egunean jaso dira 09:00etatik 10:45era. Zeharkaldia bera 11:00etan hasiko da.

Adinaren arabera sailkatuko dituzte parte-hartzaileak:

  • A1 kategoria (beteranoak): 65 urte edo gehiagokoak.
  • A2 kategoria (beteranoak): 55 eta 64 urte artekoak.
  • B kategoria (Master+): 45 eta 54 urte bitartekoak.
  • C kategoria (Masterrak): 35 eta 44 urte artekoak.
  • D kategoria (seniorrak): 15 eta 34 urte bitartekoak.
Kontsigna

I. San Anton Bira zeharkaldia egiten dutenek materiala eta aldatzeko arropa uzteko kontsigna jarriko du antolakuntzak Gurutze Gorriaren eraikinaren aurrean. Bertan jasoko dituzte dortsalak probaren aurretik, eta, aldi berean, motxilak utzi ahal izango dituzte. Zeharkaldia bukatuta, hondartzan dutxatu daitezke parte-hartzaileak.

Era berean, kontsigna “gune estrategikoa” izango da, inguruan egongo direlako hornidura-gunea eta mediku zerbitzua.

Nabigazioa debekatuta

Segurtasunari begira, iragarri dute itxita egongo dela portuko sarrera eta irteera uztailaren 14ko probak iraun bitartean, beraz, nabigazioa debekatuta dagoela jakinarazteko kartelak jarriko dituzte kirol-portuan.

Antolatzaileek proba iragartzeko bideoa egin dute: