Zarauzko Triatloia jokatuko da gaur arratsaldean; lehen kirolariak 15:00etan irtengo dira Malkorbe hondartzatik. Probak eragina izango du inguruko errepideetan zein autobus zerbitzuan, Getarian 16:00etatik 18:30era, izan ere, Zarauzko noranzkoa moztuta egongo da tarte horretan.

Egoera aurreikusiz, antolatzaileek honako trafiko plana prestatu dute:

  • Getariara iristeko:
    • Zarauztik Getariara joateko ez da arazorik izango 15:00etatik 17:00etara.
    • 17:00etatik 18:40etara, errepidea itxi egingo da Zarauztik Getariara, beraz, bidea autopistaz egin beharko da. Antolatzaileek txartel batzuk banatuko dituzte Zarauzko suhiltzaileen biribilgunean autopista doan erabiltzeko.
    • 18:40tik 19:45era, errepidea itxita egongo da Zarautzen; ibilgailuak Araba eta Bizkaia kaleetatik bideratuko dira. Parrokia aldera jaitsita, N634 errepidetik jarraitu ahal izango dute.
    • Zumaiatik Getariara itxita egongo da errepidea.
  • Getariatik irteteko:
    • Zumaia aldera irekita egongo da bidea.
    • 15:30etik 18:30era itxita egongo da Zarauzko noranzkoa, beraz, Zumaiatik, autopistaz, joan beharko da.
    • Getariatik Zarautzera dagoen norabide aldaketan boluntarioak egongo dira, informazioaz gain, Zumaiatik Zarautzera autopistaz doan joateko txartelak banatuko dituzte.
      • Txartela udaletxean jasotzeko aukera egongo da lehenago.
  • Lurraldebus:
    • Zarautzera edo Donostiara heldu nahi duten getariarrek Zumaiara joan beharko dute lehenik, han garraiobide aldaketa egingo dute. Getariatik ordu hauetan irtengo dira autobusak Zumaiarantz (Lurraldebusek jakinarazi du ordutegiak orientagarriak direla): 15:15, 15:45, 16:15, 16:45, 17:15, 17:45 eta 18:15.