Eguerdirako minutu batzuen faltan, jendez gainezka zegoen Getariako hilerria. Lehen ilaretan, aulkietan eserita, 1936ko uztailaren 18ko Francoren altxamendu faxistaren ondorioak gertutik bizi izan zituztenak, atzerago haien ondorengo belaunaldiak. Denak ere beraien etxeetan bizi izandakoa ahaztu gabe, gogoratu, gizarteratu eta bidean galdutakoei omenaldia egiteko asmotan.

Mikel Laboaren Gure hitzak abestiarekin ekin zaio ekitaldiari; isiltasuna nagusitu eta barru-barrutik egindako gogoeta hasi da. Gure Txeruko dantzariek kendu dute altxamendu frankistak eraildakoen omenezko oroigarriaren gainean jarritako oihala. Azpian, 27 izen-abizen. Horiekin batera, hilerrian aurkitu eta identifikatu gabe jarraitzen duen gudariaren aitortza, “X X X” zeinuekin gogoratua. Aurrean ontzi huts bat, hildako bakoitzari eskainitako krabelinekin bete dena geroago. Ezkerretara bandera errepublikarra, eskuinetara ikurrina.

Lanketaren amaiera

Iker Azkue zinegotzia izan da hitza hartzen lehena. Azaldu duenez, duela hiru urte ekin zioten Getariako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 1936tik 1942ra Gerra Zibilak eta frankismoaren lehen urteek Getarian izan zuten eragina aztertzeari. Hiru urteko lanaren ondoren, amaitu dute egitekoa eta argitalpen laneta ari dira.

Jasotako datu eta informazioetatik ondorioztatu dute “150 getariar inguru aritu zirela Francoren aurkako frontean, Euzko Gudarostean gehienak, baita Errepublikaren aldeko miliziano bezala ere. Getaria herri arrantzalea izanda, Euzko Gudontzidian protagonismo berezia izan zuten gure herritarrek. Askatasunaren aldeko defentsa horren ordainetan, ordea, errepresioak itzal luzea izan zuen lurralde osoan, baita Getarian ere”. “Modu bateko edo besteko” errepresioa jasan zuten 400 getariar daudela adierazi du.

Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirrek argitu du gaurkoa “erreparazio ekitaldia” izan dela, eta gogoratu gure aurrekoak desagertzearekin batera, “zehaztasunak” galtzen direla. Teknikoki zaila izan arren, errepresioa jasandakoei beraien lekua eman behar zaiela aldarrikatu du.

Identifikatutako 28 kasu

Egindako lanketari esker, frankismoak eraildako 28 kasu identifikatu dituzte Getarian orain arte. “Batzuk getariarrak ziren eta besteak Getarian erail zituzten”, argitu du Azkuek.

Identifikatutako pertsona horiek zeintzuk ziren eta zein egoeratan hil ziren azaldu dute ondoren Itsaso Ezenarrok eta Maitane Subijanak. Hildako bakoitzagatik krabelin bat utzi dute oroigarriaren aurrean Gure Txeruko kideek; zenbait senide ere hurbildu dira beraiena uztera.

Ekitaldiko unerik hunkigarriena izan da, zalantzarik gabe; bertaratutakoen aurpegietan nabari ziren etxekoengana zuzendutako pentsamenduak. Negar malkoak agerikoak eta elkarbanatuak izan dira.

 

Ondoren, erailketek urteetan utzitako hutsunea jasotzen duen poema bat irakurri dute, galderak utziz airean: “Nork birmoldatuko du heriotzak eraman zuen argia? Amaren negarra? Emaztearen malkoak? Alabaren besarkada? Arimaren mina?“.

Nika Lertxundi jarduneko alkateak, oso hunkituta, gutuna irakurri die eraildakoei.

 

Dantzariek aurreskua egin dute oroigarriaren aurrean eta bertatutakoek, eseritakoak jarlekuetatik altxata, Eusko Gudariak abestu dute.

Amaieran, omenduen familiartekoak oroitarrira hurbildu eta ekitaldi osoan esku artean mimatutako krabelina utzi diote frankismoaren aurkako borrokan galdutako ahaideari.