Uda usainean, ikasturte amaierako ekitaldia ospatuko dute bihar Iturzaeta Herri Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek. Azken egunetako prestaketen ondoren, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, bakoitzak beren aldetik, bihar arratsaldean aurkeztuko dute egindakoa jendaurrean.

Haur Hezkuntzakoak ikasgeletan elkartuko dira 14:30ean, eta ordu erdi beranduago hasiko dute emanaldia aretoan. Munduko dantzak egingo dituzte: Maroko eta Txilekoak HH 2. mailakoek; Aljeria, Nikaragua eta Ekuadorrekoak 3. mailakoek; Peru, Errumania eta Mexikokoak 4. mailakoek; Argentina, Kuba eta Senegalekoak 5. mailakoek. Amaitzeko, Gazta zati bat dantza eskainiko dute denek batera.

Ekitaldiaren amaieran, 15:40an, merienda izango dute txikienek atarian. Jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua egongo da Lehen Hezkuntzako haurren emanaldia bukatu arte.

Hain justu ere, 14:30etik kiroldegian jolastu ondoren, LHkoen emanaldia 15:40an hasiko da eskolako aretoan. Txirulaz Polka eta Taliko joko dituzte LH 3. eta 4. mailakoek, hurrenez hurren. Bertsoak abestuko dituzte lehenik 5. eta 6. mailakoek eta, gero, Anteron txamarrotia eta Beti eskamak kentzen eskainiko dute txistuz. Rapa ere abestuko dute.

Lehen mailakoek Arratoien dantza eta bigarrengokoek Hipopotamua dantzatuko dituzte. Bi mailatakoek elkarrekin Txakur txiki gorritxo bat, Lagongon, Ikusi nuenean eta Nire aitak amari abestuko dituzte.

Emanaldiaz harago

Eskola orduak eta emanaldiak amaituta, jaia luzatuko dute txikiek, izan ere, 17:00etatik 19:00etara jolasak izango dituzte Urritza Aisialdi Taldekoekin, baita merienda ere. Horren amaieran, azken urteetan hain gustora hartu duten apar festa egongo da.

Afaria 20:00etan hasiko da eta gurasoak ere bertan izango dira. Eguna amaitzeko, gauean playbackak eta DJ Xurfpraisek alaituko dute giroa.

Auzolanerako deia

Iaz Iturzaeta Herri Eskolako zenbait hobekuntza auzolanean egin zituzten; aurten ere, asmo horretan, bakoitzak egiten dakiena jakinarazteko deia egin dute. Behar dutena azaltzeko bideo hau osatu dute.

Argazkia: Iturzaeta Herri Eskola.

 

Lotutako albisteak: