Eguerdirako zeuden deituta udalbatza berria osatuko duten zinegotziak udaletxera. Beraiei zabaldutako gonbita hartu eta herritar ugari ere bertaratu da udal kargu-hartze ekitaldira.

Halakoetan ohikoa denez, adin mahaia osatu da lehenbizi, zinegotzi gazte eta helduenarekin. Hauen kargu-hartzearen ondoren egin dute zin gainerako zinegotziek, onarpenaren bitartez batzuek, “legeak behartuta” besteek.

Eskua altxata, alkatea aukeratzeko bozka eman dute kargudun berriek. EH Bilduko sei zinegotziek Haritz Alberdiren hautagaitza bozkatu dute, EAJ-PNVko bostek Aitor Urrestirena. Horrela bada, Alberdi izendatu dute Getariako alkate datozen lau urtetarako; bertaratutakoen txalo zaparrada artean hartu du kargua.

Aginte makila

Erabakia hartuta, Nika Lertxundi alkate ohiak hainbat aholku eman dizkie udalbatza berriko kideei, hala nola, gogoratzeko herritarren onura dela beraien helburua, familia eta lagunak ez ahazteko, eta irribarrea ez galtzeko. Aretoak errepikatu duen “gora Getaria” oihuarekin amaitu du bere agintaldia Lertxundik, herritarren txalo artean.

Ondoren, oso hunkituta eman dio aginte makila Alberdiri.

Alberdik, diskurtsoa eman aurretik hitza hartzeko aukera eskaini die udalbatzako kide zein herritarrei. Hasteko, eskerrak eman dizkio bikoteari “ez delako posible alkate izatea etxean pisua beste batek ez badu hartzen”. Gogoan izan ditu alaba, guraso eta arreba ere.

Ingurura begiratuta, esker hitzak izan ditu orain arteko hautetsientzat zein aurrerantzean bidelagun izango dituenentzat, “herriaren alde lana egiteko emandako pausoagatik”. Eragile kulturalak eta sozialak gogoan izan ditu, baita sindikal eta politikoak ere, gaineratuz, guztiekin kontatzen dutela herria aurrera ateratzeko.

Aktualitateko kontuak eta aurrera begirako zenbait gai ere aipatu ditu, ondoko bideoan jasotakoak:

Txaloekin eta jendearen zorion agurrekin amaitu da ekitaldia.