Urola Kostako Udal Elkarteak bi tailer eskainiko ditu datozen egun eta asteetan. Batetik, webguneen posizionamendua landuko dute ekainaren 19an eta bestetik, Datuen Babeserako Legeari egokitzeko modua eskainiko dute uztailaren 4ean eta 11n.

Webguneen posizionamendua

Webguneen posizionamendua hobetu eta Google Analytics erraminta ezagutzeko ikastaroa antolatu dute pertsona ekintzaile edota enpresari txikiei begira. Helburu horrekin, posizionamendua zer den, Interneten informazioa nola bilatzen dugun, domeinuak, metaetiketak, gako-hitzak eta posizionamendua hobetzeko estrategiak landuko dituzte, besteak beste.

Ekainaren 19an, asteazkenean, egingo dute lau orduko saioa, 09:30etik 13:30era, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz).

Izena 943 890 808 telefono zenbakian edo jpino@urolakosta.eus helbide elektronikoan eman behar da. Plazak mugatuak dira.

Datuen Babeserako Erregelamendua

Iaz indarrean sartutako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak eta Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoak enpresa guztiak behartzen ditu beraien langile, bezero, hornitzaile eta abarren datu pertsonalak babestera. Urola Kostako Udal Elkartearen tailerrak eskualdeko enpresei bidea erraztea du helburu. Horretarako informazioa, prestakuntza eta ezarpenerako aholkularitza eskainiko diete.

Taldean launa orduko bi saio egingo dituzte uztailaren 4ean eta 11n. Biak 09:30etik 13:30era izango dira. Horrez gain, bi tutoretza saio izango dituzte parte-hartzaileek. Ikastaroaren amaieran enpresa guztiek izango dute egokituta datuak babesteko segurtasun dokumentua.

Tailerra gaztelaniaz izango bada ere, dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko da eta enpresek nahi duten hizkuntzan egin ahal izango dute beren proiektua.

Plazak mugatuak direnez, aurrez eman behar da izena 943  890 808 telefono zenbakian edo enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikoan. Izen-emate orria bete behar da.