Martxan da beste urte batez Kosta Gastronomika ekimena, Urola Kostako gastronomia eta esperientziaz gozatzeko aukera ematen duena. Edizio berri honen aurkezpenean izan ziren eskualdeko hainbat enpresatako ordezkariekin batera, Edurne Echeverria Urola Kostako Udal Elkarteko turismo teknikaria, Esther Facchin Zarauzko turismo bulegoko zuzendaria, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.

Berrikuntzen artean nabarmentzekoak dira Euskararen enigma, txotx eta itsas esperientziak, baita euskal baserriaren sekretuak ezagutu, lagun artean edo kuadrillan poteatu, eta euskal txerria bere ingurunean ezagutzeko aukerak ere. Aurrez erreserba egitea beharrezkoa da aurtengo esperientzia gastronomiko berriez gozatzeko. Gainera, euskarazko eta gaztelerazko eskaintzaz gain, esperientzia horietako batzuk ingelesez nahiz frantsesez bizitzeko aukera izango da.

2019ko berrikuntzak
  • Getaria: Txakolinaren txinparta

Bisita egitearekin batera, dastatu txakolina eta bertako bestelako produktuak. Aurrez erreserba egin behar da. Larunbat eta igandetan, 11:30ean edota 12:30ean hasita. Prezioa: 15€ pertsonako. 

  • Getaria: Itsas esperientzia (Ingelesez eta frantsesez egiteko aukera)

Itsas kontserbak nola egiten dituzten ikusi eta ikasteko aukera paregabea. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolin dastatzea. Ostiraletan, 11:30ean. Prezioa: 22€

  • Getaria: Basqueporks (euskal txerria)

Ezagutu euskal txerria bere ingurune naturalean. Jakina, bisitaren ondoren bertako produktuak dastatzeko aukera izango da. Larunbat eta igandetan, 11:00etan. Prezioa: 15€

  • Zumaia: Euskararen enigma

Ezagutu Europako kulturarik zaharrenetariko bat; garai bateko arraina saltzeko aretoa eta dastatu pintxo bat elkarte gastronomiko batean. Kontsultatu datak. Prezioa: 15€.

  • Zumaia: Euskal baserriaren sekretuak

Nolakoa da eguneroko bizimodua euskal baserri batean? Ezagutu bertatik-bertara baserriko bizilagun eta animalien egunerokotasuna. Sagardo eta gazta dastatzeko aukera eskainiko da. Larunbatetan, 11:30ean. Prezioa: 10€.

  • Zarautz: #txotx!

Inguru paregabeaz gozatzearekin batera, dastatu sagardoa eta ezagutu bere historia zirraragarria. Larunbat eta igandetan, 11:00etan. Prezioa: 10€

  • Zarautz: Lagun artean (Ingelesez egiteko aukera)

Ezagutu Zarauzko historia eta bitxikeriak kuadrillan (lagun artean) poteatu bitartean. Larunbatetan 19:30etik aurrera. Prezioa: 25€

  • Aia: txotx + menua

Gozatu sagardotegiko menu tradizionala. Aurrez erreserba egin behar da. Larunbat eta igandetan, 12:30ean. Prezioa:  36€ pertsonako. 

Berrikuntzez gain, Kosta Gastronomikaren eskaintza zabala eskura duzue hemen.

Erreserbak eta informazio gehigarria

Erreserbak egin edota informazio gehiago nahi izanez gero, jo Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoetara, edota ondorengo webgunera.