Lan hitzarmena hobetzeko borrokan dabiltza azken hilabeteotan Gipuzkoako erresidentzietako langileak. Hori aldarrikatzeko zenbait greba eta mobilizazio egin dituzte, tartean atzo hasitako Zaintza martxa. Gaur ari dira egiten bigarren etapa, Getariatik, Gaztetape hondartza ondoko aparkalekutik, abiatu dena.

Guztira, 60 bat emakumek (tartean badira hainbat gizon ere) hartu dute Zumaiako noranzkoa 10:00k pasa berri zirenean. Errei osoa hartzen dute, beraz, Ertzaintzak eta ELA sindikatuko autoak irekitzen diete bidea. 12:00etarako helduko dira Zumaiara; ondoren, bertako alkatearekin bilera txiki bat egingo dute. Gainera, beraiek darabiltzaten kamiseta moreetako bat emateko asmoa dute, keinu sinboliko gisa.

Sei etapatako martxa

Atzo ekin zioten Gipuzkoako erresidentzietako langileek Zaintza martxari, Donostia eta Errenteria arteko ibilbidearekin. ELA sindikatuko Janire Diazek adierazi duenez, hasierako “oso balorazioa positiboa” egiten dute. “Nahi izan dugu agenda erakargarria egin, gure helburua delako zentroetatik ateratzea gure gatazka, sozializatzea, gizarte osoan dagoen arazoa dela ulertaraztea”, azaldu du.

Hirugarren etapa bihar izango da Tolosa eta Villabona artean, etzi Eibartik Elgoibarrera joango dira eta ostiralean Beasaindik Ordiziara. Larunbatean Donostian egingo dute zeharkaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren atarian bukatuz.

Izan ere, Diazek azaldu duenez, Aldundiaren erabakian dago orain koska. Sindikatua (ELAk du gehiengoa) 2017ko urtarrilean hasi zen aurreko urtetik izoztuta zegoen lan hitzarmena negoziatzen. “Negoziaketek ez zuten fruiturik ematen eta mobilizazioetan hasi ginen, grebara joan behar izateraino. Joan duen urteko irailean ekin genien grebei, eta presioak eraginda, patronalaren gehiengoarekin akordioa ixtea lortu genuen. Aldundiak dio ez duela akordio hori finantzatuko, beraz, guk zerbait sinatuta dugu baina Aldundiak ez du babesten”.

Gutxieneko zerbitzuak

Greba egunetan, gutxieneko zerbitzuak %70-80koak izan dira, eta Diazen esanetan, “greba ez da nabaritzen”. Ulertzen dute zerbitzuak aurrera atera behar direla, eta “helburua ez da gure aiton-amonak kaltetzea, kontrakoa; baina grebaren inpaktua gutxitu egiten da”. Orekak bilatu behar direla uste du.

Hain zuzen ere, Getariako Eguneko Zentroko langileak izan dira, besteak beste, gutxieneko zerbitzu horien eragina jasan dutenak. Izan ere, beraien lan jardunak kontuan hartuta, aldarrikapenekin ados egonda ere, ezin izan dute orain arteko grebeekin bat egin.

 

Lotutako albisteak: