Getariako, Aizarnazabalgo, Zestoako eta Zumaiako udalek zein UEMAk gutuna helarazi diote Osakidetzari herriotako anbulatorioetako sendagile baten inguruko kexa agertzeko. Bertan adierazi dutenez, “‘egonkor eta malgua’ kontratu motaren bidez, euskaraz ez dakien pertsona bat kontratatu da urtebetez, ondoren kontratu hori luzatzeko aukerarekin. Kontratazioaren izaeraren arabera, profesional hori ez da lanpostu zehatz bat ordezkatzeko, lau osasun etxeetan sortzen diren beharrak betetzeko baizik. Hizkuntza eskakizunak lanpostuei atxikitzen zaizkienez, eta kontratazio hau ez denez lanpostu jakin bat ordezkatzeko, ez zaio hizkuntza baldintzarik ezarri”.

Jokaera hori “benetan larria” dela uste dute, “udalerri hauen errealitate linguistikoa kontuan izanda, behar-beharrezkoa delako profesional euskaldunak bermatzea”.

Aitortzen dute langile euskaldunak aurkitzeko arazoak izaten direla, “baina sendagile elebakarrek ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen”. Kexa hori herritarren bidez jaso dutela jakinarazi dute, ezin omen dutelako sendagilearekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu.

Herriotan bizilagunen %80 baino gehiago euskaldunak direla kontuan hartuta, hizkuntza eta osasungintzaren kalitatea lotuta daudela uste dute. “Osakidetzako hainbat arduradunek adierazi izan duten moduan, osagilearen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko funtsezkoa da hizkuntza. Hizkuntzaren garrantzia legeak ere jasotzen du (67/2003 Dekretua)”.

Hargatik, “pazientea ardatza dela kontuan hartuta”, erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko, lau udalerri hauetara mediku elebiduna ekartzeko eskatu dute.

Gutun osoa.

Argazkia: Argia