Salbatore Jaietan gaztetxoei begirako bi txapelketa izango dira aurten ere: VIII. Futbito Txiki Txapelketa eta VII. Patata Tortilla Txapelketa. Abuztuaren 7an jokatuko dute lehena LH 1etik DBH 2ra arteko neska-mutilek; abuztuaren 8an, bigarrena, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek. Bietarako izen-ematea uztailaren 29a baino lehen egin beharko da turismo bulegoan.

Futbito txapelketako taldeek getariarrez eta bost kidez osatuak egon beharko dute. Mailaka banatuko dira: LHko 1 eta 2. mailak, LHko 3. eta 4. mailak, LHko 5. eta 6. mailak eta DBHko 1. eta 2. mailak. Lehen partidak abuztuaren 7an, 09:00etan, jokatuko dituzte herriko frontoian.

Patata tortilla lehiaketan bikoteka hartuko dute parte eta horietako bakoitzak zartagina, labana, sardexka eta osagaiak nahastu zein buelta emateko edozein ontzi eraman beharko du. Antolatzaileek, berriz, laupabost patata, zortzi arrautza, olioa, gatza eta sua banatuko dituzte.

Lehiakideek ordu eta erdiko tartea izango dute tortilla prestatzeko, goizeko 11:00etan hasita. Ondoren, epaimahaiak tortillaren itxura zein zaporea, eta sukaldarien jantziak baloratuko ditu txapeldunak aukeratzeko. Minik ez hartzeko, lehiaketara praka luzeekin joateko aholkatu dute.