Atzo arratsaldean egin zuen Getariako Udalak kargu hartzearen osteko lehen ez ohiko udalbatzarra, zortzi puntuz osatua. Lehen bietan aktak onartu eta alderdi bakoitzeko bozeramaileak izendatu zituzten: Aitor Urresti EAJ-PNVtik eta Ibon Gereka EH Bildutik.

Ustekabea hirugarren puntuarekin etorri zen, izan ere, EH Bilduk osoko bilkurak bi hilean behineko azken astean egitea proposatuta, bere alderdikideek udalbatzarreko gai guztiei ezezkoa emango ziotela iragarri zuen Aitor Urresti jeltzaleak.

Honela arrazoitu zuen erabakia: “Iruditzen zaigu azken egunetan egon diren negoziaketetan ez direla bete alkateak kargu hartzeko egunean esan zituen gardentasun eta elkarbanaketa posizioak. Horregatik, egon diren hitzarmenetan esan genuen botoa izango zela testuinguru guztia kontuan hartuta, eta boto berdina denerako. Orduan, gure talde politikoak erabaki du guztiari ezezkoa bozkatuko diola, lanketa faltagatik, lanketa traketsagatik eta iruditu zaigulako modu askotan errespetu falta izan dela alderdi honekiko, bai seriotasun aldetik bai zenbait arlotan eman diren eztabaidengatik”. Horrez gain, alderdi bakoitzaren proposamenen dokumentua, egituraketa osoarena, ez dutela idatziz jaso salatu zuen.

Gerekak azalpenak eskatu zizkion Urrestiri, atzo goizeko bileran proposamenekiko adostasuna agertu zuela aurpegiratuz. EAJko bozeramaileak erantzun zion berak “pertsona bezala” hitz egin zuela goizean eta “alderdi politiko bezala” udalbatzarrean: “Gauza bat da nik bilera horretan daukadan iritzia eta beste bat alderdi bezala adierazten dudana”.

Egoera ikusita, EH Bilduk bertan behera utzi zuen EAJrekin adostutako proposamena, eta hauei aurkeztutako lehenbizikoa gailendu zen bozketan, ezker abertzaleko sei zinegotzien aldeko botoekin eta jeltzaleen aurkako bostekin.

Zortzi batzorde

Getariako Udalak datozen lau urteetan izango duen egituraketa zehaztu zuen Haritz Alberdi alkateak. Bere faltan, EH Bilduko Ane Loidi eta Ekaitz Esteban izango dira alkateordeak.

Zortzi batzordek osatuko dute Udala, honako batzordeburuekin:

  • Euskara eta kultura: Itziar Larrañaga batzordeburu.
  • Gazteria eta kirola: Ekaitz Esteban batzordeburu.
  • Ongizatea: Ane Loidi batzordeburu.
  • Parte-hartzea: Ibon Gereka batzordeburu.
  • Hirigintza eta ingurumena: Haritz Alberdi batzordeburu.
  • Tokiko Garapena: Haritz Alberdi batzordeburu.
  • Ogasuna eta kontuetarako berezia: Nahia Iturbe batzordeburu.
  • Hezkuntza: Nahia Iturbe batzordeburu.

Bestalde, Udalak parte hartzen duen erakundeetan honakoek ordezkatuko dute:

  • Urkome: Haritz Alberdi; Ibon Gereka izango da ordezkoa.
  • Gipuzkoako Ur Partzuergoa: Haritz Alberdi; Ibon Gereka izango da ordezkoa.
  • Eudel: Haritz Alberdi; Ibon Gereka izango da ordezkoa.
  • Balenciaga Fundazioa: Haritz Alberdi; Ibon Gereka izango da ordezkoa.
  • Urola Kostako Udal Elkartea: EH Bildutik Ibon Gereka (Haritz Alberdi ordezkoa) eta EAJ-PNVtik Aitor Urresti (Itziar Etxarte ordezkoa).
  • UEMA: EH Bildutik Itziar Larrañaga (Haritz Alberdi ordezkoa) eta Ibon Gereka (Ane Loidi ordezkoa), eta EAJtik Aitor Urresti (Itziar Etxarte ordezkoa).
  • Mundubira 500: Haritz Alberdi (Ibon Gereka ordezkoa) eta Aitor Urresti (Itziar Etxarte ordezkoa).
  • Udalbiltza: Ibon Gereka (Haritz Alberdi ordezkoa).
Liberazioak

Alkateak lan jardun osoa izango du bere egitekoetarako, “Udalhitzeko 20. mailan”. Horrez gain, “azken urteetan ikusita herrian izan den dinamika eta pertsona bat lanaldi osoan egon zela, nahiz eta ez kobratu, aurten planteatzen duguna da Ibon Gereka lan-jardun erdian aritzea Udalean”, azaldu zuen Alberdik. Irailaren 1etik aurrera hasiko da lanean.

Zinegotziek jasoko duten diru kopurua ere argitu zuten. Negoziatutako kontuetako bat zen hau (bakoitzak hileko 110 euro jasotzea zen adostutakoa) baina atzoko boto aldaketaren ondoren, EH Bilduren proposamenera itzuli eta 100 euro jasoko dituzte hilean. Batzordeburuek urtean 140 euro eta alderdiek 2000 euro kobratzea onartu zen.

Adostasunetarako zabalik

Atzoko udalbatzarrean “sorpresa” hartu zuela azaldu zuen Gerekak; hala ere, “elkarlanerako eta adostasunetarako bide guztiak irekita geratzen dira”, adierazi zuen. Urrestik erantzun zuen lanketa moduak aldatu egin behar direla; “konpromisoen aldetik, lana egiten badugu dokumentuen bitartez eta sinadurekin, badaukagu lan-ildo bat lortzea”, gaineratu zuen.