Denboraldiko emaitzarik onena lortu du asteburu honetan Getariako Arraun Elkarteak, izan ere, bigarrena izan da Donostiako X. Kaiarriba Banderan. Esperantzakoek 20:23,09ko denbora behar izan dute proba bukatzeko; zarauztarrak bakarrik heldu dira lehenago, 20:19,43ko denboran.

Sailkapen orokorrerako bultzada polita izan da Donostiako estropada, zazpigarren postutik bosgarrenera igo baitira getariarrak. Une honetan 45 puntu dituzte, laugarren postuan dagoen San Juanek baino hiru gutxiago, eta seigarren dagoen Arkotek baino bat gehiago.

Taldeko ordezkariak lortutakoaz jakitun dira, eta larunbatekoa “ikaragarria” izan zela adierazi dute: “Bigarren txandan egundoko erakustaldia eman ondoren, zarauztarrek bakarrik hobetu ahal izan zuten gure denbora. Bigarren postua lortu zuten baina garaipenaren zaporearekin bueltatu ginen”.

Argazkia: Luis Azpeitia.