Euskarak badu ibilbidea, ez soilik historian zehar egindakoa, bere garapena erakusten duena. Iaztik beste bat du, gazteentzat eratua, Maulen hasi eta Getxon bukatuko dena: Euskarabentura. Hizkuntza bultzatzeko, euskal kultura eta historia ezagutzeko, eta parte-hartzaileen arteko sarea sortzeko asmoa du.

Beste herrialde eta hizkuntza batzuei lotutako udalekuak hedatzen hasiak diren garaiotan, uda euskaraz pasatzeko proposamen berri bat sortu zuten iaz: Euskarabentura. 16 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat antolatutako egitasmoak aurten izango du, beraz, bigarren edizioa, uztailaren 1etik 31ra. 

Guztira, 121 gaztek hartuko dute parte, iaz baino 11 gehiagok. Horien artean izango dira Euskal Herriko biztanleak zein diasporakoak, beti ere lurraldeen arteko oreka mantenduz. Aurtengo jzioquitarren artean
—honela deitzen diote gazte parte-hartzaileei— izango dira Aingeru Aizpurua eta June Eizagirre getariarrak. 

Ikastetxean izan zuen Euskarabenturaren berri Aizpuruak: “Gelako gehienok esan genuen apuntatzeko gogoa genuela; lagun bat eta ni hasi ginen prestatzen. Astebete eduki genuen jai, ni lana egiten hasi nintzen eta laguna atzera bota zen azkenean”. Eizagirrek, berriz, lagun baten bitartez jakin zuen egitasmoaz.

Biek egin behar izan zuten Euskarabenturak eskatutako lana. Formato ezberdinetan aurkezteko aukerarekin, hiru gai landu zitzaketen: migrazioen testigantzak, Euskal Herria eta bere aztarna ekologikoa, eta errimak eta erritmoak. Hain zuzen ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez, eguneroko ibilbidearen ondoren egingo dituzten ekintzak gai horiekin lotzen saiatu dira. 

Arratsaldero burutuko dituzte topaketa horiek. Hala azaldu du Eizagirrek: “Herriak ezagutzeaz gain, hainbat hitzaldi izango ditugu (euskal kulturari buruz, lurralde bakoitzeko euskararen erabilerari buruz, feminismoaren inguruan, aldaketa klimatikoaz…); bestalde, zenbait erakusketa ikusiko ditugu, kirol ekintzak, jokoak… Aspertzeko denborarik ez dugula izango iruditzen zait”.

783 kilometro

Oinezko ibilbideari dagokionez, uztailaren 1ean Maulen hasi eta hilaren amaieran Getxon bukatuko da. Parte-hartzaileek 783 kilometro egingo dituzte 31 etapatan. 

Getariarrak, gutxiago edo gehiago, prestatzen ari dira. “Gehiegi ere ez, baina bueltatxo batzuk egin ditut”, dio Eizagirrek; “asteburuan hamar-hamabi kilometro egiten ditut egunero. Astean zehar denbora badut, bakarrik joaten naiz eta 8-10 kilometro egin”, aldiz, Aizpuruak. 

Uztailaren 25ean igaroko da Euskarabentura Getariatik; jzioquitarrek kasu egin ahal izango diete etxekoei baina ezingo dute bertan geratu. 

Euskara sustatzea helburu

Hiru asmo ditu Euskarabenturak: euskara bultzatzea, euskal kultura eta historia ezagutzea, eta gazteen arteko euskarazko sare bat sortzea. Getariako gazteek, ordea, beraien helburuak dituzte. “Euskal Herriko bazterrak ezagutzeaz gain, lagun berriak egin, euskal kulturaz sakondu, kirola egin… eta batez ere, ondo pasatzea” du xede Eizagirrek; “jende berria ezagutzea, ondo pasatzea eta bidea ezagutzea zein herri ezberdinetan zer egiten den jakitea”, berriz, Aizpuruak.