Urola Kostako Udal Elkartearen bidez, eskualdeko bost udalerrik antolatzen dute Euskal Kosta Krosa maratoi erdia, urtero batek hartzen duelarik horretarako ardura. Aurten Getaria izango da lasterketa antolatuko duena, hortaz, herritik abiatu eta bertan helmugaratuko dira korrikalariak. Irailaren 28an izango da proba, 17:00etan hasita.

Getariako frontoitik abiatu eta Zumaiarantz joango dira kirolariak. Herri barruan buelta emanda, N-634 errepidetik Zarautzera joateko. Bertan itzuli bat egingo dute, ondoren, Getariara etortzeko; Malkorbe hondartzako bidegurutzetik sartuko dira. Artzape eta elizako aldapatik, Kale Nagusiaren amaieran helmugaratuko dira. Guztira, 21.097 metroko ibilbidea egingo dute.

Izen-ematea zabalik

Ekaitz Esteban Getariako Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, 16 urtetik gorako edonork har dezake parte proban. Izen-ematea zabalik egongo da gaurtik irailaren 24ra www.kronoak.eus webgunean.

Abuztuaren 31 baino lehen apuntatzen direnek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta irailaren 1etik 24ra egiten dutenek, berriz, 25 euro.

Adinaren arabera, hiru mailatan lehiatuko dira korrikalariak: juniorretan 16 eta 19 urte artekoak, seniorretan 40 urte bitartekoak, eta beteranoetan handik gorakoak.

Roller lasterketa

Azken edizioan bezala, roller lasterketa egingo dute aurten ere. Korrikalariak baino lehenago abiatuko dira Zarauztik. Zumaiara arteko ibilbidea egingo dute kostako errepidetik. Jakinarazi dutenez, aurrerago zehaztuko dute ibilbidea.

Lasterketaren jatorria

Euskal Kosta Krosa lasterketa Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaiaren arteko harremanak “sendotu eta indarrak batuz, bailara ikuspuntua bultzatzeko” sortu zen, “Urola Kostako eskualdea ezagutzera emateko”. Horrela, kirol probarekin batera, bailarako turismoa sustatzea du helburu.

III. edizio hau Getariako Udalak antolatuko du GetaiTri Triatloi Taldearen laguntzarekin.

Probaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskalkostakrosa.eus webgunean eskuratu daiteke, baita Urola Kostako Udal Elkartean ere (943 890 808 edo info@euskalkostakrosa.eus).