Badira 24 urte Gurutze Gorriak mugikortasun arazoak dituztenentzako bainu egokiturako zerbitzua eskaintzen duela, horietako lauzpabost Getariako Malkorben. Aurten indartu egin du zerbitzua, izan ere, zortzi aulki anfibio gehiago eskuratu ditu eta beste bi sorosle jarri jardunean. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Getariako Udalaren, Kutxa Fundazioaren eta Getariako Arrantzale Kofradiaren laguntzarekin lortu du.

Zerbitzuaren berritasunak aurkezten izan ziren ostiralean, besteak beste, Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko  presidentea, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Emeterio Urresti Kofradiako presidentea, Irati Arroyo Cristobal Balenciaga Museoko ordezkaria eta zerbitzuaren hainbat erabiltzaile Malkorben.

Zubiak azaldu zuenez, “sare lan batek emandako emaitza polita” da zerbitzua. Malkorbe hondartzaren ezaugarriak azpimarratu zituen: “Itsasoa ia beti bare dago, irisgarritasuna bertatik bertarakoa da hemen aparkatu eta iristeko aukera ematen baitu. Gainera, bertan ditugu aldagelak eta dutxak”. Horiek guztiak kontuan hartuta zerbitzua  indartu eta erabiltzaileen kopurua bikoiztea lortu dute. “Udako denboraldia bukatzerako 250 bainu pasatzea aurreikusten dugu”, adierazi zuen.

Erabiltzaileen ilusioak asetzen ditu: “Gaur Nafarroatik etorri dira bi talde eta bainua hartzen ari dira. Izan dugu beste esperientzia bat pertsona batena 75 urte izanik aurten lehenbiziko aldiz bainatu eta itsasoa ezagutu duena”.

Aurkezpenarekin bat eginez, Jon Escobares aretxabaletarra uretaratzen ikusi genuen. Bi sorosleren laguntzaz, gurpildun aulkitik anfibiodun aulkira pasa zen (Gurutze Gorriaren eraikinean gorde zioten berea). Egurrezko arranpatik lehenik eta hondarretatik gero, hondartzaren erdiraino joan ziren. Oinetakoak eta kamiseta kendu, toalla jarri eta ur ertzeraino. Han beste geldialditxoa tenperaturara ohitzeko. Sorosleen laguntzaz aulkitik jaitsi eta besoak astinduz, igerian hasi zen, pixkanaka ia buietaraino helduz. Sorosleetako bat berarekin egon zen une oro, eta bestea, aulkia ur ertzeraino eramanda, urrunagotik egon zegoen begira. Bainua bukatzeko, Jon bera hurbildu zen kanporantz, bi sorosleen artean aulki gainean jarri eta toallaraino eraman zuten.

Bandera berdea dagoenean eman ohi da bainu egokitua eta horiarekin hondartzaburuak erabakitzen du bainatu edo ez. 20-30 minutuak izaten dira bainuak. Gainera, Zubiak argitu duenez, “batzuek ez dute bainatu nahi, lagunekin, haiek bezala, hondarretan egon besterik ez”. Aukera hori ere eskaintzen dute.

Alberdik azpimarratu zuen honelako zerbitzuekin “pertsonak, bereziki beharrak dituztenak” jartzen direla erdigunean. Egiteko horretan, garai batean jarritako aulkiak konpondu ditu Getariako Udalak. Hala ere, uste du “honek Udala gainditu eta eskaintza honi Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erantzun beharko liokete eta hurrengo urratsa hori izango da”.

Amaitzeko, Zubiak eskerrak eman zizkien zerbitzua ahalbidetzen dutenei, eta gogoratu irailaren 15era arte egongo dela martxan, egunero, 11:00etatik 19:00etara. Ahal dela, aurrez abisatzeko eskatzen dute, 617 452 153 telefono zenbakira deituta.

Bisita gidatua Balenciaga Museora

Azken urteetan bezala, Balenciaga Museoak Gurutze Gorriaren eskaintzarekin bat egin eta bisita gidatua egiteko aukera eskaintzen du bainu egokituaren aurretik. Mugikortasun murriztua duten pertsonek osatutako taldeei irisgarritasuna erraztu eta talde horien inklusioa bultzatzeko helburua du egitasmo honek.