XXXIV. Zumaiako Ikurrina jokatu zuten atzo KAE1 Ligako traineruek. Hirugarren txandan lehiatu zen Getariako Arraun Elkartea, Deusto, Donostiarra eta Zarautzekin batera. Postu berean amaitu zuen estropada, hirugarren, alegia; lanak amaitzeko 21:16,51 behar izan zuten Esperantzako arraunlariek. Zarautz izan zen irabazlea eta Donostiarra bigarrena.

Sailkapen orokorrean laugarren postuan daude getariarrak, 119 punturekin. Donostiarra da hirugarren 121 punturekin, San Juan bosgarren 95ekin.

Izaro Lestayo, Kontxatik at

Pasa den astean jakin zen Izaro Lestayok, Getariako Arraun Elkartearen patroietako batek, ezingo duela Kontxako Banderan parte hartu. Estropadaren antolatzailea da Donostia Festak eta azaldu duenez, “arautegiak ez du aukera hori onartzen, ez duelako talde egitura misto onartzen”.

Lestayok Euskadi Irratiko Blai! saioan azaldu zuenez, triste daude, atzerapausotzat dute erabakia eta harrituta utzi ditu. Aurreko urtean sariak berdintzera egin zuten eta aurrerapausoa zela ikusi zuten, aurtengo araudia, berriz, atzera egitea.

Zeresan ugari eman du Kontxako araudiak azken astean, besteak beste, aldaketa eskatzeko sinadura bilketa hasi dute Change.org webgunean. 5000 biltzea dute helburu.