Lehen mundubiran euskaldunek izandako parte-hartzearen testuinguru historikora hurbiltzea du asmo Elkanoren itsasoratzea jaialdiak. Irailaren 14 eta 15erako antolatu dute egitasmoa zenbait gizarte eta kultura eragilek, Getariako Udalak eta Elkano 500 Fundazioak. Alabaina, kultura programa lehenago hasiko da, irailaren 8an, hain zuzen ere.

Egun horretan behaketa astronomikoa egingo dute San Anton mendian, 21:00etatik 23:00etara. Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garcia astronomoak gidatuko du saioa eta bertaratzen direnak “Elkanoren garaiko GPSra hurbilduko dira”.

Datorren astean dibulgazioarekin lotutako beste bi ekintza egingo dituzte 19:30etik aurrera Getariako Kofradian. Horrela, elkarrizketa formatuko bi saio eskainiko dira filosofia, arkeologia eta astronomiako adituen laguntzarekin. Irailaren 10ean, asteartean, Amaia Rojo EHUko ikerlariak eta Daniel Zulaika Elkano 500 Fundazioko aholkulariak Euskaldunak lehen mundubiran saioa izango da, gazteleraz; irailaren 12an, ostegunean, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak eta Aitor Leniz historialariak Euskal Herriko kostako testuingurua Elkanoren garaian gaia landuko dute.

Hirugarren elkarrizketa bat ere izango da: irailaren 17an, asteartean, Ekai Txapartegi EHUko filosofia irakasleak eta Iosu Etxezarraga arkeologoak Itsasoko teknologiaren ezagutzatik, ezagutza zientifikora solasaldia egingo dute.

Lehiaketa gastronomikoko izen-ematea zabalik

Irailaren 14 eta 15erako ekintza ugari antolatu dituzte, besteak beste, erakusleiho lehiaketa, familientzako tailerrak, gaztetxoentzako ginkana, arroza eta espeziak ardatz izango dituen lehiaketa gastronomikoa, herri bazkaria, ipuin-kontalaria, uretako jolasak eta musika animazioak.

Jaialdiko lehen egunean, irailaren 14ean, Arroza Elkano Erara I. Lehiaketa egingo dute. Bertako izen-ematea zabalik dago irailaren 8ra arte; turismo bulegoan apuntatu behar da.

Lehiakideek binaka hartuko dute parte eta, gutxienez, hamar pertsonentzako arroza egin beharko dute. Antolatzaileek espeziak (kanela, piperrautsa, safrana, intxaur muskatua, iltzea eta jengibrea), arroza, sua eta paella-ontziak jarriko dituzte, beraz, parte-hartzaileek nahi adina osagai eta sukaldeko tresnak eraman beharko dituzte, baita paella-ontzia ere, hala nahi badute.

Lehiaketa moilan egingo da, 12:00etatik aurrera. Bi ordu beranduago itzaliko dira suak eta 15 minutura bilduko da epaimahaia irabazleak aukeratzeko. Lehenengoek afaria irabaziko dute Elkano jatetxean, bigarrenek Maisor antxoa obradorearen produktu sorta eta hirugarrenek Batelaren produktu sorta.

 

Lotutako albisteak: