Irailaren 21ean, 12:00etan, Getariako Triatloi Taldeak eta Udalak antolatuta, Getariako XVIII. Salbatore Biatloia egingo da. Urtero bezala, igerian egingo den ibilbideak 550 metro izango ditu, korrika egingo denak, aldiz, 3.500 metro.

Biatloian parte hartu ahal izateko, gutxienez, 16 urte izan behar dira. Ibilbidea bakarka edo erreleboan egiteko aukera izango da, eta horren arabera, izen-emate prezioak aldatu egiten dira: bakarka 10€; erreleboan 15€. Izen-ematea luzapen honetan egin behar da.

Lasterketan, gehienez, 120 parte hartzaile izango dira. Gehienezko parte hartzaile kopurura iritsiko ez balira, egunean bertan, udaletxeko arkupean, 11:00etatik 11:30era, izena emateko aukera egongo litzateke. Azken uneko izen-emate hauek prezio desberdinak izango lituzkete: bakarka 15€; erreleboan 20€.

Biatloi Txikia

Horrez gain, hirugarren urtez jarraian, gaztetxoenek ere parte hartu ahal izango dute. III. Biatloi Txikian 9 eta 15 urte bitarteko gazteek hartuko dute lekukoa. Salbatore Biatloia baino ordubete lehenago, 11:00etan, Malkorbe hondartzan emango zaio hasiera. Adinaren arabera bi ibilbide bereiziko dira: 9-11 urte bitartekoek, 75 metro igerian eta 250 metro lasterka egingo dituzte; 12-15 urte bitartekoek, berriz, 150 metro igerian eta 500 metro lasterka.

Biatloi Txikiko inskripzioa doakoa izango da, eta turismo bulegoan edota, egunean bertan, Malkorbe hondartzan egin behar da.

Informazio gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan Getariako turismo bulegoarekin ondorengo posta elektronikoaren bitartez: info@getariaturismo.eus.