Keta kirol elkartea denboraldi berriari hasiera emateko prest dago. Hiru taldeak, saskibaloikoa, areto futbolekoa zein futbolekoa, jada entrenatzen hasita daude. Irati Idiakez ere, irailaren amaiera aldera, Herbeheretara, kirol egokitua egiten duten emakumeen txapelketa batera, joatekotan da.

Saskibaloiko eta futboleko taldeek denboraldi berriari datorren asteburuan, irailak 14-15, emango diete hasiera. Aurtengoan, futbol taldean aldaketa ugari izango dira eta oso talde gaztea osatu dute. Izan ere, Iosu Mugikak adierazi duenez, “uste baino jokalari gehiagok utzi dute taldea, zehazki, sei jokalarik”. Aldaketa horiek medio “aurten, seguruenik, sufritu egingo dugu”. Helburu nagusia taldea orekatzea izango da. Hala ere, Mugikak argi esan du: “Uste dut gaizki pasako dugula, baina orain, datozen urteei begira egoerak hobera egin dezan, apustu hau egitea beharrezkoa da”. Bestalde, entrenatzaile lanetan Iñaki Azpitartek jarraituko du.

Saskibaloiko taldeari dagozkionez ez da aldaketa berezirik izango. Pasa den urteko entrenatzaile bera izaten jarraituko dute, eta oraingoz, Gari Manterola izango da taldeko jokalari getariar bakarra. Nahiz eta, herritar gehiago sartzeko ahaleginetan dabiltzan.

Areto futboleko taldea ere berrikuntzekin dator. Alde batetik, jubenil kategoriatik senior kategorian jolastera igaroko da. Bestetik, hainbat jokalari beterano taldera itzuliko dira. Lehen futbol taldean jokatu eta jada taldea utzitako zenbait kirolari itzuliko dira hortaz. Oraindik, entrenatzaile lanetan zein arituko den zehazteke dute, dena den, oraindik denbora badute areto futboleko denboraldia urrian hasiko baita.

Babeslea

Aurten, diru kontuei dagokionez, kezkatuta dabil Keta kirol taldea. Izan ere, babesle garrantzitsu bat galdu du. “Bi babesle berrirekin ari gara hizketan, eta espero dugu, beraien babesa eskuratzea”.