Orain dela 500 urteko Elkanoren itsasoratzea dela eta, irailaren 8an hasita, aste kulturala antolatu du Elkano 500 Fundazioak. Izar behaketa izango da lehenengo ekintza, igandean, 21:00etatik 23:00etara, San Anton mendian. Bertan, zerua, izarrak eta konstelazioak gehiago ezagutzeko aukera izango da. Hori erakusteaz arduratuko da Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia saileko Virginia Garcia.

Virginia Garcia (Argazkia: aranzadi.eus)

Garciak zeruaren behaketarekin zerikusia duten proiektuak egiten ditu. Aranzadin, batez ere, helduentzako, gazteentzako zein haurrentzako tailerrak eta kurtsoak ematen aritzen da. ARTZAPEk berarekin solasaldi bat izateko aukera eduki du, eta izar behaketaren inguruko argibide gehiago eman dizkigu.

Igandeko izar behaketa, zehazki, zertan datza?
Marinelek egin ohi zuten bezala, zeruari begiratuko diogu, horretarako teleskopioa erabiliz lagungarri gisa. Ni eta astronomia saileko beste kide bat etorriko gara, eta konstelazioak identifikatzen eta konstelazio horiekin orientatzen erakusten saiatuko gara. Zerua nola mugitzen den ikasiko dugu, nahiz eta lurra izan mugitzen dena eta ez zerua. Hori guztia azaltzen eta ulertarazten saiatuko gara.

Teleskopioaren bitartez, ilargia ikusteko aukera izango dugu. Izan ere, ilgora fasean dago. Jupiter eta Saturno planetak ere ikusteko oso politak daude. Ondoren, gauaren arabera, ea nebulosaren bat edota Andromeda galaxia ikusteko aukerarik badugun.

Gaia Elkanorekin lotuz, marinel haiek izarren bitartez gidatzen zirenez, horren inguruan sakonduko al da?
Nire helburua zerua apur bat gehiago ezagutzea da; edozein gauetan ikusten duguna zer den eta ikusten dugun horren bitartez nola orientatu erakustea da asmoa. Azken finean, horixe baitzen Elkano eta garai hartako marinelek egiten zutena.

Iparrizarra identifikatuz, iparraldea non dagoen jakin, eta hortik abiatuta, gainerako puntu kardinalak kokatu ditzakegu. Bestalde, iparrizarraren kokapenaren bitartez zein latitudetan gauden identifikatzen saiatuko gara. Latitudearen arabera iparrizarra posizio desberdinetan kokatuta egongo da. Esate baterako, Ipar Poloan iparrizarra buru gainean izango genuke; Ekuatorean, berriz, zeruertzean egongo litzateke. Beraz, iparrizarraren kokapenaren bitartez, latitudea identifikatzen erakutsiko dugu.

Gaur egun, gizarteak gai hauekiko interesik ba al du? Edo teknologia berrien garapen amaigabe honetan gero eta gutxiago begiratzen dugu zerura?
Interesa egon badago. Egia da, jende asko aplikazioekin etortzen dela, horien bitartez konstelazioak ikasteko asmoarekin. Niri, ordea, aplikazio horiek ez zaizkit batere gustatzen. Zerua ezagutzen baduzu lagungarriak izan daitezke, baina ezagutu ezean, ez. Askotan aplikazio horien GPSa eta iparrorratza ez dabiltza ondo, eta ondorioz, zeruan ikusten duguna eta aplikazioak dioena ez datoz bat. Beraz, nire iritziz, hobe da zeruari begiratzea eta bertatik ikastea.

Zein adin tarteko jendeari dago zuzenduta?
Edonor etor daiteke, ez dago publiko zehatz bati zuzenduta. Hala ere, egia da horrelako gauzak ulertzerako garaian, haurrek helduek baino erraztasun handiagoa dutela.

Astronomia tailerra

Ekanoren itsasoratzearen 500. urteurrena ospatuko den asteburuan, irailak 14-15, Garciak berak astronomia tailerra eskainiko du. Irailaren 14an, larunbat goizean, izango da zehazki.

Izar behaketaz gain, irailaren 14an, astronomia tailerra egingo duzue. Tailer horretan zer egingo da?
Gutxi gorabehera, izar behaketan ikasi eta ikusiko dugunaren berdina egingo da. Konstelazio garrantzitsuenak zein diren ikasiko dugu, garrantzitsuenak edota gehienetan ikusten direnak. Konstelazio horiek iparraldekoak dira. Gainerakoak, orduaren zein urtaroaren arabera aldatu egiten dira. Zirkunpolarrak deitzen diegunak ikusi eta horiekin nola orientatu ikasiko dugu. Ondoren, euritako batean planisferio bat egingo dugu, hau da, konstelazio horiek euritako batean marraztuko ditugu.

Beraz, bi ekintza horiek, izar behaketarena eta astronomia tailerrarena, jarraipen edota osagarri gisa uler daitezke?
Bai, lotura zuzena dute. Bietan, konstelazioak, zeruaren bitartez gidatzeko erabiltzen diren mapak, nolakoak diren ikusiko ditugu. Igande honetan, zuzenean, zeruan bertan ikusiko ditugu; irailaren 14ean, larunbatean, berriz, marraztu egingo ditugu.

Argazkia: cronicaglobal.elespanol.com