Esperantza traineruak aurreikuspen guztiak gaindituta amaitu du aurtengo denboraldia. Hiru bandera eta KAE Ligako hirugarren postua lortu dituzte. Esperantza gutxi sortzen zituen taldeak asko utzi ditu harrituta. 15 arraunlariren, bi patroiren eta Ion Larrañaga entrenatzailearen urte osoko lana begi bistan geratu da.

Larrañagak entrenatzaile lanak egiten zituen lehen aldia zen; berak aitortu bezala, hasieran, beldur apur batekin heldu zion erronka berriari, baina azkenean, oso gustura eta lortutakoarekin harro sentitzen da.

Denboraldi honen inguruan, zein balorazio egingo zenuke?
Zoragarria. Mailaz ez jaistea helburu izatetik, goiko postuetan borrokan aritzera igaro gara. Beraz, oso ona ez, hurrengoa.

Aurreikuspenak bete al dira?
Dudarik gabe, pasa egin ditugu. Kontuan izanda nola ibili ginen txalupa osatu ezinik… Bagenekien zein arraunlari etorri ginen, zein planteamendu genituen, eta garbi zegoena zen salbatzea eta denboraldia aurrera ateratzea zela helburua. Hortik aurrera etortzen zena ona izango zen, baina ez genuen inondik inora espero hain eboluzio handia izatea, goiko postuetan eta ohorezko txandan ibiltzea.

Denboraldia joan den bezala joanda, mementoren batean Kontxarako sailkatzeko aukerarik ikusi al duzue?
Ez, ez. Aurrenengo zazpiak bakarrik sailkatzen dira, eta lehenengo mailatik gurera badakigu salto handia dagoela. Ahal genuen posturik onena lortzera joan ginen. Sailkapen horretan sartu ahal izateko maila oso altua behar da, eta guk, oraingoz, ez daukagu maila hori, ezta gutxiago ere.

Bestela, Kontxako sailkapen estropadan egindakoarekin gustura?
Bai, gustura. Itzuleran denbora apur bat galdu genuela iruditzen zait, baina egindakoarekin gustura. Gure ligan lehiatzen diren traineruetatik hirugarren egin genuen, hau da, ligan eskuratutako posizio bera lortu dugu. Azkenean, ligaren laburpen bat bezala izan zen; hirugarren, eta egindakoarekin gustura.

Nola ikusi dituzu arraunlariak?
Oso arraunlari gutxi ginen; hamabost arraunlari eta bi patroi. Guztiok eboluzionatzen joan gara. Arraunlariak oso gazteak zirela bagenekien: batzuk, esperientzia gutxirekin, beste batzuek, urteak zeramatzaten arrauna utzita. Horrek guztiak pazientzia handia eskatzen du, egokitzea, eta poliki-poliki guztiok hobetu dugu. Talde eta arraunlari bezala ere bai. Nik uste dut naturala izan dela; pixkanaka, estropadek eman diguten esperientzia eta heldutasuna atera egin direla esango nuke.

Eta entrenatzaile bezala, zu nola sentitu zara?
Egindakoarekin gustura. Hasieran beldur dezente nuen, baina gauzak ondo joateak asko errazten du bidea. Gainera, alboan, laguntzaile onak izan ditut: Leandro Andreano eta Gaizka Gorostiaga arraunlaria. Guztion artean lan ona egin dugu. Arraunlariak ondo eta ni ere ondo, eroso. Azkenengo estropadetan disfrutatu egin dut; arraunlariek eskatzen nien guztia eman egiten zidaten, eta ondorioz, ni ere gustura, oso gustura.

Nola bizi izan duzue herritarrek erakutsitako babesa?
Puf… Nik, egia esan, herrian horrenbesteko babesa zegoenik ez nekien, eta oso gustura nago. Aurrenengo estropada irabazi genuenetik oso polita izan da guztia. Ongi etorrietan jende asko, Getariako estropada izugarria izan zen, Zarauzkoa ere bai… babesa handia izan da eta Kontxara ere jende asko hurbildu zen. Gustura eta harro gaude herri honen izena hortik zehar ibili dugulako. Eskerrak eman nahiko genizkioke herri guztiari; eskerrik asko!

Datorren denboraldiari begira zerbait prestatuta edo lotuta ba al duzue?
Ez ez, oraindik ez. Egia esan ez da komeni izaten: batzuetan denboraldia pixka bat nekatuta bukatzen da eta erlaxatzea hobe izaten da. Laster elkartzen hasi beharko gara, denok pentsatu ea zer nahi dugun eta zer egingo dugun, nire aldetik arraunlarien aldetik eta zuzendaritzaren aldetik. Oraindik ez dugu ezer egin, baina etorriko da gauzak egiteko eta pentsatzeko garaia.