Udako oporren amaiera heldu da, bai behintzat etxeko txikienentzat. Gaur Zarauzko Euskal Jaiez gozatzeko aukera izango dute baina bihartik aurrera ikasgeletara itzuli beharko dute Iturzaeta Herri Eskolan. Badira egun batzuk irakasleek 2019/2020 ikasturtea hasi zutenetik, bihar, irailak 10, ikasleekin biltzeko aukera izango dute.

Aste honetan goizez izango dira eskolak, 09:00etatik 13:00etara; irailaren 16an, berriz, goizez eta arratsaldez hasiko dira.

Jangela eta autobus zerbitzua

Jangela zerbitzua lehen egunetik eskainiko da, hortaz ikasleek bihartik aurrera erabili ahal izango dute. Gauza bera gertatuko da autobusarekin, Hezkuntza Sailak jarritakoak eskolara joan aurretik eta ondoren jaso eta utziko baititu haurrak.

Getariako Udalak indartu ohi du Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua, eguerdian beste autobus bat jarriz umeentzat. Eguerdiko autobusa irailaren 16an hasiko da.