Elkano 500. Fundazioak antolatutako aste kulturalari atzo eman zitzaion hasiera, izar behaketarekin. Bigarrengo ekintza, berriz, bihar, irailak 10, 19:30ean, izango da. Biharkoa Euskaldunak lehen mundubiran izenburupean egingo dute eta antolatutako hiru solasaldietako lehena izango da. Amaia Rojo EHUko ikerlaria eta Daniel Zulaika Elkano 500 Fundazioko Kontseilu Aholkularia izango dira solasalkideak.

Rojok eta Zulaikak lehen mundubiraz zein Elkanoz jardungo dute. Garai hartako testuingurua azaldu eta horretan euskaldunek izan zuten garrantzia azpimarratuko dute. Horrez gain, gertaera hartatik sor daitezken etorkizuneko galderak plazaratzen eta erantzuten saiatuko dira.

Zulaikak, tartetxo bat atera du gurekin egoteko eta solasaldiaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Biharko solasaldian, zertaz hitz egingo duzu?
Mundu biraren istorioa ez da soilik atera, munduari bira eman eta itzuli zirela kontatzea. Ekintza hori nondik datorren, gaur egungo gizartean nolako eragina izan duen eta etorkizunerako zer irakatsi diezagukeen azaltzea da, oinarrian, Elkano 500 Fundazioaren helburua.

Orain dela 500 urte, Sanlucar de Barramendan (Cadiz) espezia bila irteteko prest zeuden hainbat itsasontzi eta 240 pertsona . Bertan, 31 euskaldun zeuden, 22 bizkaitar eta 9 gipuzkoar. Horrez gain, bertan zeuden bost itsasontzietatik hiru bizkaitarrak ziren: Lekeitiokoa, Ondarroakoa eta Erandiokoa. Hiru horiek izan ziren mundu biran gehien iraun zutenak. Gauzak horrela, honakoa da galdera: zer egiten zuten 31 pertsona eta hiru itsasontzi euskaldunek han? Horri erantzun ahal izateko ezinbestekoa da garai hartako testuingurua ulertzea. Hori dela eta, lehenengo mundu bira gure iraganaren eta orainaren inguruko hausnarketa bat egiteko aitzakia da.

Zein zen, bada, testuingurua?
Mila urte egin behar ditugu atzera. Euskal Herrian zegoen pobrezia zela eta, itsasontziak eraikitzen ikasten hasi ziren. Bikingoek, merkatari batzuen bitartez, irakatsi zieten nola egin itsasontziak. Mendiak oihan zeharkaezinak ziren, ez zegoen nekazaritzarik, ezta abeltzaintzarik ere… Juan Sebastian Elkano jaio zenean, oraindik ez ziren Ameriketako produktuak iritsi, besteak beste, patata, artoa eta tomatea.

Euskaldunak, egoera latz horren aurrean, itsasora joan ziren. Horrela, XII, XIII eta XIV. mendeetan zehar, itsasontziak eraikitzeko gaitasuna asko hobetu zuten, eta XIV. menderako Europako itsasontzirik onenak eraikitzen zituzten. Nolabait, euskaldunen urrezko aroa izan zen. Hori dena, hein haundi batean, burdin eta egur oso onak zituztelako izan zen. Itsasontzi horiei esker, Euskal Herritik gauza asko eraman eta ekartzen ziren; Andaluziatik garia ekarri, Sevillara burdina eraman, Flandriara artilea eraman eta bertatik ehunak ekarri… Horrela, ontziteria indartsu baten bitartez, sare garrantzitsua sortzen hasi zen Euskal Herria.

31 espediziokide euskaldun haietaik, nik haietaz hitz egingo baitut batez ere, guztiak ez ziren marinelak; itsasontzien mantenuaz arduratzen zirenak, arotzak… zeuden. 11 pertsonetatik sei euskaldunak ziren.

Hasiera batean, espedizio hartan barnealdeko jendea egoteak harritu egiten du. Ba al dakigu, gutxi gorabehera, kostaldekoak ez ziren zenbat jendek hartu zuen parte?
Gutxi gorabehera, euskaldunetatik erdiak kostaldekoak ziren eta beste erdiak barnealdekoak: sei bilbotarrak, zazpi bermeotarrak, getariar bat, Debako bi eta gainerakoak ordiziarrak, galdakoztarrak…

Ezin da ahaztu, XVI. mende hartan, basoek garrantzi izugarria zutela, Euskal Herriko guztiek. Burdina ere ekoizten zen, batez ere, Barakaldo inguruan, Somorrostroko meatzetan… Itsasontzien eraikuntzan euskaldunek lortutako nagusitasunean barnealdeko elementu ugari zeuden. Horregatik, hain zuzen ere, mundu bira, marinelekin batera, itsas teknologiaren emaitza da, eta horretarako barnealdea ezinbestekoa zen.

Gaur egun, sozialki, zer ezagutzen da mundu bira haren inguruan?
Nik uste, xehetasunen inguruan oso gutxi dakigula. Guztiek ezagutzen dute teorioa orokorra, baina hortik aurrera… Horregatik uste dut gauza horiek guztiak gogora ekartzeko, urteurrenak onak direla.

Nahiz eta gertaerak berak izan, belaunaldi bakoitzak desberdin kontatzen ditu. Esate baterako, Getariako frontoi atzean, orain dela 100 urte, Elkanoren mundu bira goraipatzeko monumentua eraiki zen. Garai hartan, historialariek Elkanoren inguruan erabiltzen zuten hizkuntza oso bestelakoa zen: euskal kapitain handia goratu egiten zuten, ikuspegi erromantiko batetik kontatu istorioa. Gaur egun, ikuspegi hori asko aldatu da, baita historiaren inguruan ikertzeko modua ere.

Nik, esaterako, Elkanoren mundu biraren inguruan, bi urte eta erdiko ikerketa historiko bat egin dut. Dokumentu originalak erabili ditut, 500 zita bibliografiko… Datu bakoitza iturri zehatz batetik jasota dago.

Kontakizuna aipatu duzu, gaur egun ikuspegi kritikoa zabaltzen ari da.
Gizateriak egindako ekintza guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Egoera oso poliedrikoa da. Elkano ez zen indigenen hiltzaile bat izan, ekintzaile bat izan zen, oso lider ona. Etxetik 20.000 kilometrotara, Australia ondoan, egoera oso latz batekin egin zuen topo. Tripulazioak berari begiratu eta zer egingo zuten galdetu zioten. 20-25 metro inguruko ontzi txiki bat besterik ez zuten. Orduan, Elkanok erabaki bat hartu eta asmatu egin zuen.

Espedizioak jarraibide zehatz batzuk zituen: Itsaso Atlantikoa zeharkatu, Ameriketara joan, gero Asiara, eta ondoren, bide berdina eginez itzultzea. Izan ere, Afrikako lurraldeak portugaldarrenak ziren. Agintea Elkanok hartu zuenean, ordea, etxerako itzulera egiteko biderik onena Afrikatik zela ondorioztatu zuen. Horrela, erabaki oso arriskutsua hartu zuen. Baina horri esker, gizateriaren ekintza gogoangarrienetako bat egin zuen.

Etorkizunaz ere ariko zarete solasaldian, zein da itsasoarena?
Itsasoak oso pisu handia zuen orain dela 500 urte; gaur egun, ziurrenik, gutxiago izango du. Orain, globalizazioaren inguruan pentsatu beharko genuke, munduarekin zertan ari garen hausnartu. Itsasoarekin lotututa galdera asko etor dakizkiguke burura: zer egingo dugu arrainekin, agortu arte harrapatzen eta hiltzen jarraitu? Bestalde, itsasoak tonaka plastikorekin kutsatzen jarraituko dugu? Horiek guztiak lehen mundu biraren eta Elkanoren harira atera daitezkeen galderetako batzuk dira. Bestalde, gastronomiaren inguruko galderak ere sor daitezke: nondik dator gure gastronomia?

Gai ugari ager daitezke, eta Elkano 500 Fundazioak, hori argi du. Oraintxe aipatutako kontzeptuak ez dira nireak, Fundazioarenak baizik.