Mundubiraren Ubera ekimenaren baitan eta asteburuan ospatuko den Elkanoren Itsasoratzearekin bat eginez, erakusleiho lehiaketa jarri dute gaur martxan herriko zenbait merkatari eta zerbitzuk. Guztira, hamabi negoziok apaindu dituzte beraien erakusleihoak Elkanok pasatako lurraldeekin lotuz.

Datozen egunetan, irailaren 15era arte, gehien atsegin duten erakusleihoa bozkatzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako apaindutako erakusleihoen irudiak jaso ditugu ARTZAPEren webgunean, nahiz eta xehetasunen jabe egiteko kalean zehar buelta bat ematea aholkatzen den. Bozketa ere gure orrian egin behar da.

Antolatzaileek iritzia ematerakoan hainbat irizpide kontuan hartzeko eskatu dute:

  • Diseinua (konposizioa eta erabilitako materiala, sormena eta eskulana).
  • Originaltasuna (gutxi ikusia izatea, desberdina).
  • Gardentasuna (lehenengo begiradan antzematea non kokatua dagoen).
  • Gaiarekiko lotura (Elkano egondako lurraldearen eta dendan salgai dauden gauzen arteko koherentzia).

Bozketa horretako emaitzek erabakiko dute erakusleiho lehiaketako irabazlea. Sari banaketa irailaren 17an egingo da, Itsasoko teknologiaren ezagutzatik ezagutza zientifikora solasaldiaren ondoren.