Pasa den larunbatean Azpeitiko zezen plazan izan zen probaren finalaurrekoa. 11 kirolarik hartu zuten parte eta horietatik sei sailkatu dira hilaren 21ean jokatuko den finalerako. Sei horien artean dago Joseba Otaegi Getariako bizilaguna.

Lau txandetan jokatu zuten proba; Otaegi bigarrengoan lehiatu zen, eta bere txandan lehena izan zen. Hori ez ezik, sailkapen orokorrean ere lehen postua eskuratu zuen, 13 minutu eta 29 segundotan lan guztiak amaituta. Haren atzetik, 13 minutu eta 33 segundotan, Arria V.ak oso hurbil bukatu zuen.

Finala, irailaren 21ean, 22:00etatik aurrera, jokatuko da Azpeitiko zezen plazan. Proba ondorengoan datza: 100 kiloko harria 20 aldiz jaso, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika egin.

 

Argazkiak: Uztarria.