Hainbat urte igaro dira Guraso Eskola martxan jarri zenetik, eta aurten berrikuntza nagusi bat izango du: arratsaldean egiteko aukera. Horrela, eguerdiko taldea 14:30ean bilduko da Iturzaeta Herri Eskolan eta arratsaldekoa, 18:00etan, Alhondigan. Ikastaroa egiteko, ordea, talde bakoitzean hamar pertsona beharko dira, gutxienez.

Aurrekoetan bezala, eskola 0 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendua dago, eta “hasierako urte hauetan garapen eta bizipen egokiak izaten lagunduko du”. Ikasturtean zehar zazpi saio izango dira, ordu eta erdikoak. Aurreikusitakoaren arabera, asteazkenetan bilduko dira eta egunak lehen saioan, irailaren 25ean, zehaztuko dituzte

Harremanak elkarteak emango ditu saioak. Psikologian, psikoterapian eta sexologian adituak dira eta metodologia parte-hartzailea erabiliko dute. Gai ezberdinak landu daitezkeela aurreratu dute, besteak beste, lotura afektibo eta atxikimendua, haurren arteko gatazken kudeaketa, jolasaren garrantzia, hezkidetza familian, elikadura, adimen emozionala, mugak eta zigorrak, heriotzaren bizipenaren lanketa, sexualitatea…

Izen-ematea ostiralera arte

Guraso Eskolan izena eman nahi dutenek ostiralera arte, irailak 20, izango dute horretarako aukera. Iturzaeta Herri Eskolan edo udaletxean apunta daiteke.