Aurten Getariak antolatuko du Euskal Kosta Krosa lasterketa, beraz, herrian hasi nahiz amaituko da. Lasterketak hirugarren edizioa du eta irailaren 28an, 17:00etan hasita, egingo da. Oraindik ere zabalik dago izen-ematea www.kronoak.com webgunean. Hortaz, gure kostatik egiten den lasterketan parte hartu nahi duten getariar zein lagunek asteartera arteko epea dute animatu eta apuntatzeko.

 

Ibilbidea

Parte-hartzaileek 21, 097 kilometroko maratoi erdia gauzatu beharko dute. Irteera herriko frontoian izango da eta N-634 errepidetik Zumaiarako norabidea hartuko da. Zumaian, biribilgunera iritsi eta Zumaiako Arraun Elkartearen egoitza ondotik Mendaro Marinela kalera eta ibaira doan parkea zeharkatu eta oinezkoen zubia pasako da. Ondoren eskuinetara bidegorritik eta Amaia plaza inguratuko da. Alhondigatik Erribera kalea gurutzatuko da eta Pantxita Etxezarreta kaletik aterako dira dira korrikalariak Zumaiatik. N-634tik Getaria zeharkatuko dute eta Zarautzera iritsi. Bertan, parrokia aurrean kale Nagusira sartuko dira, San Frantzisko kalera arte eta bertatik, Nafarroa kalera, berriro ere Getariarantz abiatzeko. Hemen, Malkorbe hondartzarako bidegurutzea hartuko da eta portura jaitsi. Bertan, Artzape eta elizarako aldapa hartu ezkerretara eta Kale Nagusian gora amaituko da proba, udaletxe alboan helmugara iristeko.

Nerea Mujika korrikalariak esana da getariarrek “etxeko marka” jarrio diotela ibilbideari Kale Nagusiko aldapa sartuta.

Roller

Patinetan ere egin daiteke proba. Kasu horretan, Zarauzko Nafarroa kaletik irten, 16:30ean, eta leku berean helmugaratuko dira. Zarautz-Getaria-Zumaia-Getaria-Zarautz bidea egingo dute, hortaz; guztira, 16 kilometro osatuko dituzte.

Gainera, Euskal Kosta Krosa Rollerren jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa.

Getariako produktuak

Ibilbide amaierako aldapa ez ezik, Getariak jarri du bere nortasunaren beste ezaugarri bat proba honetan. Izan ere, parte-hartzaileei eman ohi zaien poltsan bertako kontserbak banatuko dituzte. Horrez gain, zira jasoko dute kirolariek.