Ostegunean, irailak 20, beteko dira 500 urte mundubira osatuko zuen espedizioa abiatu zenetik. Egun horrekin bat eginez, zenbait ekitaldi antolatu dituzte Madrilen zein Sanlucar de Barrameda.

Espainiako hiriburuan Fuimos los primeros. Magallanes, Elcano y la vuelta al mundo erakusketa zabalduko dute egun horretan. Bihar, irailak 19, egingo dute inaugurazioa Itsas Museoan, eta bertara gonbidatu dute Getariako Salbatore Abesbatza. Gora Elkano abestuko dute ekitaldian.

Abesbatzako hainbat kide gaur, irailak 18, abiatu dira Madrilera ekitaldi horretan parte hartzeko asmoz. Bidaia aprobetxatuz, beste emanaldi bat eskainiko dute gaur Loiolako San Inazio parrokian.

Etzi, Sanlucar de Barrameda

Urteurrenaren egunean, Sanlucar de Barramedako ekitaldiek hartuko dute protagonismo osoa. Bertan ere izango da herriko ordezkaritzarik, izan ere, Udaleko eta Elkano 500 Fundazioko kideak gonbidatu dituzte. Gainera, aurreikusten da Haritz Alberdi alkateak hitz batzuk egingo dituela ekitaldi nagusian.