Aste honetan kaleratu dituzte Euskaraldia I. Emaitzen azterketaren nondik norakoak. Soziolinguistika Klusterrak egindako lanaren arabera, Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen parte-hartzaileen hizkuntza jokaerak 11 egunetan, eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi zitzaien”.

Azterketa gauzatzeko, herritarrei hiru galdetegi egin zitzaizkien Euskaraldiak hizkuntza ohituren aldaketarik eragin zuen eta hori nolakoa izan zen ikusteko. Lehenengoa Euskaraldia hasi aurretik egin zitzaien, bigarrena amaitu berritan eta hirugarrena hiru hilabetetara. Guztira, 18.383 pertsonek bete dituzte hiru atalak, beraz, lagin hori aztertu da. Horrez gain, parte-hartzaileen zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jaso zituzten, lurraldea, gune soziolinguistikoa, hiri/herrien dentsitate demografikoa eta batzordeen jarduera edo aktibitate maila kontuan hartuta.

Datuak emateko garaian, azpimarratu dute “euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa”.

Ondorio nagusiak

Euskaraldiaren harira egindako azterketaren ondorio guztiak ekimenaren webgunean badaude ere ikusgai, hona hemen horien laburpen bat:

  • Parte-hartzaileek neurri handian bete dituzte eskatutako eginkizunak. Hobetzeko tarterik egonda ere, parte-hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen. Ahobizek betetze maila altua izan dute ulertzen dutenekin euskara egiteko, bai eta ezezagunekin lehen hitz euskaraz egiteko ere. Belarriprestentzat nekezago suertatu da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea.
  • Hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek; euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek; eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek.
  • Aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprestentzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran. Baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira.
  • Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian.
  • Batetik, txapa identifikagarriei esker, jende askok (ahobiziek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bestetik, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die.
  • Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du.
  • Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori.
  • Zailtasun batzuk ere izan dira: euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez zabaldu izana; ele biko elkarrizketari luze eustekoa; eta solaskideari euskaraz aritzeko eskaria egitea.