Herriko txikiek, 6 eta 12 urte arteko umeek, Gure Txeruk antolatutako pilota ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute ikasturte berrian ere. Horretarako izen-ematea bihar, irailak 20, izango da, 17:00etatik 17:30era, Sahatsaga kiroldegian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, entrenamenduak urriaren 1ean hasiko dira eta astero egingo dituzte, astearte zein ostiraletan.

Alebin eta infantil kategoriako pilotariak dagoeneko hasita daude entrenatzen; urriaren erdi aldean hasiko dira Gipuzkoa mailako lehian. Era berean, kadete, jubenil eta nagusiek jada ekin diote Gipuzkoako Txapelketari.

Pilota txapelketa larunbatean

Maila desberdinetan aritzen diren pilotari kopuruak argi uzten du Getariak pilotarekiko duen atxikipena. Horren beste erakusle bat da. larunbatean, irailak 21, jokatuko diren Bankoa Credit Agricole-El Diario Vasco XXVIII. Pilota Txapelketako partidak. 17:30ean hasiko dira norgehiagokak honako mailatan:

Promesak:

  • Urigoitia/Garmendia – Amiano/Elola

Seniorrak:

  • Aristi/Artola – A. Etxeberria/Irurita

Ikus daitekeenez, getariarrek hartuko dute parte txapelketa honetan, seniorretako partida jokatuko duen Gorka Aristik eta ordezko egongo den Gorka Zenekortak, esaterako. Jubeniletan, Gure Txeru taldeko Jon Eizagirre zarauztarra izango da ordezkoa.