Urte amaierara bitartean kiroldegian aldaketa ugari izango dira. Hasteko, padeleko pista bat egingo dute kiroldegiaren ezkerreko aldean, skateko pistaren aurrean, kiroldegiaren eta mendiaren artean dagoen pasabidean. Itsaspen Programaren diru-laguntza eskuratu zuen pasa den urtarrilean Getariako Udalak eta horri esker gauzatu ahal izango da obra.

Era berean, pasa den asteko udalbatzarrean adostutako 85.000 euroko kreditu aldaketak eragina izango du kiroldegian, handik etorritako 39.000 euro bideratuko baitira honen hobekuntza eta antolamendura.

Antolamendu aldaketa

Padeleko pista eraikitzeaz gain, kiroldegi barruan hainbat aldaketa egingo dira. Lehenik eta behin, Ekaitz Esteban kiroletako zinegotziak esan duenez, “squash gela desagertu egingo da eta horren lekuan judoko gela jarriko da”. Orain arte judo egiten zen gela, berriz, lur berezia jarrita, sabaia jaitsita, ispilu berriak eta berogailua jarrita, gela anitza bilakatuko da.

“Gela anitza yoga, gimnasia, helduen gimnasia… egiteko erabiliko da”, dio Estebanek. Lehen kiroldegiaren beheko aldean zegoen, aldagelak igaro eta atzeko partean: “Gela hura, ordea, hotza eta hezea da, eta baldintza horiek, yoga eta gimnasia bezalako kirolak egiteko, ez dira egokiak”. Beraz, beheko gela hartan spinningeko gela jarriko dute. Gainera, dagoeneko, spinningeko 13 bizikleta berri ekarri dituzte.

Lehen spinning egiten zen gelara, berriz, muskulazio ariketak egiteko makinak eramango dira. “Aldaketa horren bitartez leku gehiago egongo da makina berriak ekartzeko, baita kirola egiteko ere”. Lanak ahalik eta azkarren egiten saiatuko direla adierazi du Estebanek: “Urte bukaerarako dena eginda eduki nahiko genuke”.

 

Lotutako albisteak: