Gaizka Gorostiagak ilusioz bete duen deia jaso du, izan ere, Hondarribia Arraun Elkartetik ibilbide berri bati ekiteko aukera eskaini diote. Datorren denboraldiari begira, arrauneko maila gorenean lehiatzen ari den taldeak beraiekin jokatzeko proposamena egin dio. Gorostiaga, soilik 25 urterekin, aurtengo Esperantza traineruko beteranoa izan da. 2007. urteaz geroztik Getariako Arraun Elkartean dabil arraunean. 12 urte daramatza arrauna astintzen, baina hurrengoa izango da maila gorenean lehiatuko den lehen urtea.

Albistea ez da hain ona izango Esperantza traineruarentzat, taldekide garrantzitsu bat galduko baitu. Gorostiagak arraunlari askok desio dutena lortu du. Albistea ilusio handiz hartu du, baina aitortu digu erabakia hartzea ez dela batere erraza izan. ARTZAPErekin erronka berri honen inguruan solasean aritu da.

Nola hartu duzu albistea?
Sorpresaz, eta aldi berean, ilusioz. Hondarribia bezalako talde batek zugan interesa jartzeak ilusio handia sortzen du. Azkenean, horrelako eskaintza batek lehiatzeko eta gauza berriak bizitzeko aukera ematen du. Datorren urtean, arrauneko maila gorenean jokatzeko eta txapelketak irabazteko aukera izango dut, besteak beste, Kontxako Bandera ere bai. Irabazteko aukerak dituen talde bateko kide izatea berezia da.

Erabakia hartzea erraza izan al da?
Ez, batere ez. Gainera, aurten egin dugun denboraldia ikusita, datorren urtean, iruditzen zitzaidan, beste saltotxo bat eman genezakeela. Gazteenen artean urtebete gehiago asko nabarituko da, jada arrauna utzita zuten herriko beste hainbat pertsona hasteko aukera ere bazegoen eta denon artean beste pauso bat eman genezakeen. Baina horrelako aukerak ez dira egunero izaten; posible da trena behin bakarrik pasatzea eta azkenean, baiezkoa esatea erabaki dut.

Aurtengo denboraldiarekin alderatuta aldaketarik nabarituko duzula uste al duzu?
Iruditzen zait denboraldia luzeagoa edo gogorragoa egingo zaidala. Lehen, etxetik irten eta bost minututara entrenatzen nuen; orain, berriz, Hondarribiaraino joan beharko dut. Joan-etorri horiek asko luzatuko dute denboraldia. Bestalde, pasa den denboraldian baino estropada gehiago izango dira, ez asko halere, eta horietan, seguraski, tentsio handiagoa egongo da.

Zerbait berria bilatuko dudala uste dut, baina esan bezala, batez ere, presio gehiago egongo dela eta luzeagoa egingo zaidala esango nuke. Entrenamendu aldetik alde handiegirik nabarituko dudanik ez dut uste. Getarian eta Hondarribian, bai denborari bai ariketei dagokionez, antzeko entrenamenduak egiten ditugula esango nuke.

Eta orain, erronka berriari eusteko indartsu sentitzen al zara?
Bai, gogoarekin. Orain arte bezala daukadan guztia emateko indarrarekin eta ilusioarekin. Bestalde, Getariako Arraun Elkarteari, urte hauetan guztietan erakutsi eta eman didaten guztiagatik eskerrak eman nahi nizkioke. Talde bikaina osatzen dute eta ziur nago datorren urtean ere asko disfrutaraziko digutela. Zorterik onena opa diet.

 

Argazkia: Luis Azpeitia.