Agintaldi berriko Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) lehen batzar nagusia egin dute gaur goizean Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. Udalerrietako euskara zinegotziak ez ezik, aurreneko bilkura izanik, hainbat alkate ere bertaratu dira. Getariatik, Haritz Alberdi alkatea -ordezkari izango den Itziar Larrañagaren partez-, Ibon Gereka Parte-hartze zinegotzia eta Aitor Urresti EAJko bozeramailea izan dira ekitaldian.

Batzarraren amaieran egin dute bozketa eta orain arte lehendakari izan den Josu Labakak azaldu duenez, “EAJ eta Bilduren artean adostasuna izan da zuzendaritzarako hautagaien zerrendan”. Hortaz, bozketa azkarra izan da eta Iraitz Lazkano Elgetako alkatea aukeratu dute batzarkideek UEMAren lehendakari; Aritz Abaroa Bermeoko alkatea izango du bidelagun lehendakariordetzan.

Aurrez aukeratu dute zuzendaritza batzordea, honakoek osatuko dutena: Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea EAJtik), Lierni Altuna (Aramaioko alkatea EH Bildutik), Jone Ansotegi (Aulestiako alkatea EH Bildutik), Xabier Balerdi (Tolosako EAJko zinegotzia), Aitor Elexpuru (Berako alkatea EH Bildutik), Illart Gumuzio (Igorreko alkatea EH Bildutik), Iraitz Lazkano (Elgetako alkatea EH Bildutik), Beatriz Muro (Aresoko zinegotzi independentea), Nerea Odriozola (Zestoako EH Bilduko zinegotzia), Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea EH Bildutik) eta Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia EAJtik).

Lazkanok esker ona adierazi du kargua hartu berritan: “Eskerrak orain arteko zuzendaritza batzarrari, teknikariei, langileei, orokorrean euskalgintzari eta egunero euskarari aletxoa ematen diozuenei. Zuzendaritza batzorde berriari ere bai”. Kargua “pozik eta ilusioz” onartu du, honakoa adierazita “UEMA eredu izan da euskalgintzan eta euskararen normalizazioan”. Gogoratu du, gaur egun, erakundea 86 herrik osatzen dutela eta 240.000 pertsonako lurgunea ordezkatzen duela. “Hala ere, sarri ikusten dugu euskaldunok bigarren mailako herritarrak izatera kondenatzen gaituztela. Euskaldunon hizkuntza eskubideak oraindik ez daude bermatuta. Normalizazio horretan, oraindik, lan asko daukagu egiteko eta zuzendaritza batzorde honi egokitu zaio bide hori urratzea”.

Batzordeari dagokionez, Lazkanok azaldu du “anitza” izango dela, “herri handiak eta txikiagoak daude bertan ordezkatuta, herrialde batekoak zein bestekoak, alderdi batekoak eta bestekoak”. Argitu du lan asko dutela egiteko eta urrats garrantzitsuak emateko.

Bide horretan herri txikien egitekoa ere nabarmendu du: “UEMAk udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko”.