Parrillaren kultura ardatz duen Getariako Itsas Gastronomia Elkartea aurkeztu dute gaur goizean San Sebastian Gastronomika biltzarrean. Kursaaleko hitzaldian izan dira Aitor Arregi Elkano jatetxekoa, Gorka Lazkano Astilerokoa, Markel Iribar Balearrikoa, Igor Arregi Kaia-Kaipekoa eta Enrique Fleischmann Txokokoa. Oholtzan lagun izan dituzte Xabier Aldalur irakasle eta Azkue hoteleko zuzendaria, eta Xabier Alberdi historiagilea.

Elkanok oinordetzan utzitako parrillaren itxurakoa eta gaur egungoak aurrean zituztela, gogoratu dute parrillak arrantzaleentzat jarri zirela hasiera batean. Haiek itsasotik itzulitakoan, tabernan, ardoa eta parrillan prestatutako arraina kontsumitu ohi zuten. Parrillak ikusita, turistak ere hori eskatzen hasi ziren, gerora sortutako tradizioari hasiera emanez.

Hizlari bakoitzak bere jatetxearen berri eman du hitz gutxitan. Argi geratu da etxetik, belaunaldiz belaunaldi, jasotako ogibidea dutela eta, hain zuzen ere, beraiek jasotakoa ez galtzeko asmotan sortu dute elkartea. “Parrillaren atzean jende ugari dago, ez bada babesten, desagertu egingo da. Horregatik da hain garrantzitsua jakintza hori berreskuratu eta transmititzea”, adierazi du Aldalurrek.

Parrillak herrian duen esanahiaren erakusle da gaur goizean Kursaalen batu den getariar taldea. Hizlarien ingurukoak ez ezik, bertan izan dira Udaleko ordezkariak, Elkano Fundaziokoak zein Kofradiakoak.