Duela hiru urte sortu zuen Xabier Lizaso pianistak eta ikerlariak Do Re Ni proiektua. Haurrei zuzendutako proiektua da “partehartzaileak jolastu egiten dira: dantza-jolasak, musika-jolasak, antzerki-jolasak, kirol-jolasak… Helburua ez da ondo dantzatzea edo ondo abestea, baizik eta, dantzatuz, abestuz, antzeztuz, kirolean eginez eta ondo pasatuz garuna estimulatzea eta nortasuna sakontzea”. Musikaren eta jolasen bitartez egiten den terapia bat da, eta helburua haurren garapen pertsonala da.

Ikerketa zientifiko ugarik diote garunean ia ezerk ez duela eragiten musikak adina. Premisa hori abiapuntutzat hartuta “do-re-ni” metodoa jarri du martxan Lizasok. Orain, ordea, pauso bat aurrera eman eta metodologia horrek helduengan duen eragina aztertu nahi du.

Etorkizuneko erronka handienetariko bat gizartearen zahartzea izango denez, Gipuzkoako Foru Aldundia zahartze horri erantzun ahal izateko bideak lantzen ari da. Hori dela eta, Lizasori haurrekin lantzen duen metolodologia hori helduekin probatzeko proposamena egin zion. Helburua Lizasok erabiltzen duen musika-terapiak gizartean funtzionatzen duela zientifikoki frogatzea da, jakitea ea musikak zahartze aktiboagoa eta osasuntsuagoa izaten lagun dezakeen. Horretarako, Jose Manuel Lopezen, Osakidetzako Ezkerraldeko Osasun Mentaleko buruaren, eta Nicola Molinaroren, Basque Center on Cognition, Brain and Languageko zientzialariaren, laguntza izango du. Horrez gain, EHUko robotika departamentuaren, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Orioko Udalaren laguntza ere badu proiektuak.

Ikerketa horri ekiteko, ordea, 200 pertsona behar dituzte. Bertan parte hartzea doakoa izango da eta Orioko, Zarauzko, Getariako eta Zumaiako herritarrak gonbidatu dituzte. Aurreikuspenen arabera, datorren azaroan hasiko da proiektua eta bi urte iraungo ditu. Ordutegi desberdinekin bi talde sortuko dira eta astean pare bat aldiz elkartuko dira. Baldintza bakarra 55 urtetik gora izatea da.

Ikerketan izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko jarri harremanetan Do Re Ni elkartearekin 644 400 218 telefonora deituta edota info@doreni.eus posta elektronikora idatzita.