Eskola hau funtsean “pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektore ekonomikoen kualifikazio beharrizanei erantzuteko jaio da”. Helburua da pertsonei laneratzea erraztea, trebakuntza eskaintzea eta etengabeko ikaskuntza sustatzea. Hala, eskola honen baitan, urte amaiera bitartean, bi prestakuntza berri eskainiko dira: 45+ indartzen eta Izan-Be digital.

Aurtengo hau 45+ indartzen egitasmoaren bigarren edizioa izango da. 45 urtetik gorako eskualdeko pertsonei, bereziki lan-munduan txertatzeko edota lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenei, dago zuzenduta. Helburua “garapen pertsonalaren eta profesionalaren bitartez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea” da. Saioak Udal Elkartearen egoitza nagusian egingo dira, eta guztira, hamar saiotan banatuta, 40 orduko prestakuntza eskainiko dute. Hain zuzen ere, azaroaren 11tik 22ra egingo da: 09:30etik 13:30era. Datorren ostiralean, urriaren 11ean, 10:00etan, Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz) informazio bilera egingo dute.

Izan-Be digitala, berriz, herritarren trebetasun digitalak hobetzera bideratutako ikastaro trinkoa da. Helburua “herritarrak gailu eta erreminta digitaletan trebatzea” da. Kurtsoa goi mailako ikasketak dituzten eskualdeko herritar guztiei, langileei nahiz lana bilatzen ari direnei, dago bideratuta. 145 orduko ikastaroa izango da. Lehen prestakuntza fasean (130 ordu) lan merkatuan aritzeko beharrezkoa den teknologiaren ezagutza praktikoa eskainiko da. “Lan-mundura zubia” izeneko bigarren fasean (15 ordu), aldiz, lana bilatzeko baliabideak ezagutzeko eta entrenatzeko aukera izango da. Ikastaroa azaroaren 4a eta abenduaren 13a bitartean izango da. Eskolak goizez izango dira, 09:30etik 14:30era. Datorren ostegunean, urriaren 10ean, 10:00etan, Udal Elkartearen egoitzan informazio bilera egingo dute.

Bi proiektu horietan parte hartu ahal izateko izena eman behar da urriaren 25a baino lehen. Izena emateko eskaera horriak Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean edota harreran jaso daitezke. Informazio gehiago behar izanez gero jarri harremanetan 943 890 808 telefonora deituta edota lanpoltsa@urolakosta.eus korreo elektronikora idatzita.

Argazkia: Urola Kostako Hitza