Aplikazioa herritar askoren mugikorretan eta ahotan dabilela ikusita, herritar batek getariarrez osatutako taldea sortzeko proposamena egin digu. Guk proposamenari heldu eta Getaiarrak taldea sortu dugu Egunean behin aplikazioan.

Egunean behin, euskaraz, hamar galdera erantzun beharko dituzu, eta hauek erantzuteko erabilitako denboraren eta erantzun egokien kopuruaren arabera puntuazio bat eskuratuko duzu. Horrela, herritarrengan euskara sustatzeaz gain, lehia osasuntsu bat sortuko dugu. Taldean, soilik, Getariako herritarrek hartu dezakete parte. Baldintza hori betetzen baduzu eta Getaiarrak taldean lehiatu nahi baduzu, lehia gogorra izango da ziur, segi ondorengo jarraibideak:

  1. Egunean Behin aplikazioa deskargatu.
  2. Zuen profila sortu.
  3. “Taldeak” atalera joan.
  4. “+” ikurra sakatu.
  5. “Talde batean sartu (giltza erabiliz)” sakatu.
  6. Taldearen gakoa idatzi: E9529F

Gainera, aplikazioak berak astero ematen dituen sariez gain, Artzapek ere sari eder bat eskainiko du. Abendua bitartean puntuazio altuena eskuratzen duen partaideak Salanorteko otar bat eskuratuko du, eta nola ez, herriaren errekonozimendua. Lehia datorren astelehenean, urriaren 14ean, hasi eta abenduan amaituko da.

Zer da Egunean Behin?

Egunean Behin CodeaSyntax enpresa eibartarrak sortutako mugikorreko aplikazio bat da. Tribial estiloko galdera-erantzunen joko euskalduna da eta partaideek aplikazioak proposatutako galderak erantzun behar dituzte. Izenak dioen bezala, egunean behin har daiteke parte. Egunero hamar galdera erantzun behar dira, eta helburua ahalik eta galdera gehien ahal bezain denbora laburrenean ongi erantzutea da.

Igande gauero, astean zehar jokatutako zazpi partidetan onena izan denak, eta beraz puntuazio altuena eskuratu duenak, saria jasotzen du. Astero sari desberdin bat eskaintzen dute. Astelehenetan partaide guztien puntuazioak, berriro ere, zeron jartzen dira eta partida berri bati ematen zaio hasiera. Datu basean “euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude” eta gaur egun, 18.000 parte-hartzaile baino gehiago daude.