Xabier Isastik egindako diseinuko proiektu bat Selected Europa 2019 liburuan agertzeko aukeratu dute. Selectedek urtero argitaratzen duen liburu honen helburua, diseinuko azken tendentziak partekatuz, inspirazio iturri izatea da. Liburua azaroan kaleratuko dute, eta bertan, Isasti 2019ko artista gazte bezala aukeratu dute.

Unibertsitateko lan baterako aurkeztu zuen Isastik izendapen garrantzitsu hau jaso duen proiektua. Irakasleak, ordea, proiektua ikusita, Selectedera aurkezteko proposamena egin zion. Gernikako bonbardaketaren inguruan egindako proiektua da getariarrarena, eta bere hitzetan “Gernikako bonbardaketak euskal herrian sortu zituen ondorioak ezagutarazteko proiektu bat da. Euskarari eta gure kulturari egindako kaltea zabaldu eta ezagutarazi nahi izan ditut”.

Isastik, zerotik hasita, Gernikako bonbardaketaren inguruko erakusketa bat irudikatu du eta erakusketa horretarako diseinu produktuak sortu ditu. “Proiektu honetan Gernikako bonbardaketa ezagutarazteko marka bat sortu dut, eta horrekin batera, kartelak, logoa, irudiak, argazkiak, arropa…”. Izendapen hau, etorkizunera begira, ateak zabaltzeko aukera bat izan liteke: “jendeak ni eta nire lana ezagutzeko oso bide ona izango dela uste dut”.