Urola Kostako Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak euskararen normalizazioa sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Horri esker, datorren urtean egingo den Euskaraldiaren bigarren ediziorako hiru dinamizatzaile kontratatu ahal izan dituzte. Atzo, urriak 14, aurkeztu zituzten bi erakundeetako ordezkariek Zarauzko Etxezabala aretoan egindako agerraldian.

Sara Saizarrek, argazkian eskubian, dinamizatuko du Euskaraldia Getarian eta Zumaian, Alazne Aizpuruak Zarautzen eta Egoitz Dorronsorok Aian eta Orion. Hiruek ere 15 hilabetez burutuko dute lan hori. Kike Amonarriz Topaguneako lehendakariak azaldu zuenez, ordea, dinamizatzaileenarekin batera, erakundeen, herritarren, elkarteen eta enpresen elkarlanarekin gauzatuko da egitasmoa. “Helburu beraren alde lanean aritzea da azken helburua”. Horrela, “jauzi kualitatiboak ematea” lankidetzaren bidez lortuko dela azpimarratu zuen.

Era berean, batzordetan herritarrek duten garrantzia nabarmendu zuen: “Sinesten dugu euskararen normalizaziorako prozesuak erakundeen babesa beharrezkoa duela, baina aurrera begira, benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa dena, benetan, herritarren aktibazioa da”.

Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak adierazi zuenez, “hitzarmenerako baliabide ekonomikoak eskaintzeaz harago”, herri batzorde horietan “parte aktibo” izatea da elkartearen zein eskualdeko udalen asmoa.

Entitateetan ere lanean

Euskaraldiaren bigarren edizioan ahobizi eta belarriprest rolak mantenduko dira. Aurrerapausoa, ordea, era guztietako entitateetan iragarri zuen Amonarrizek, “hariguneak” definituko baitituzte hauetan: “Normalean funtzionatzen duten taldeak dira hariguneak. Partaideek euskaldunak izan beharko dute edo, gutxienez, hizkuntza ulertu. Egitasmoari baiezkoa eman beharko diote eta hala, zuzendaritzak edo arduradunek baimendu eta babestuko dute harigune horretan 15 egunez euskaraz egitea”.

Bidea zabaltzea

Elkarlanaren indarra azpimarratzearekin batera, eremu euskaldunen ardura azaleratu zuen Amonarrizek. “Euskal Herriko testuinguruan Gipuzkoa da herrialderik euskaldunena, eta honen barruan hauxe da zonalderik euskaldunenetako bat. Gauza batzuk egin litezke memento honetan, bakar-bakarrik, hau bezalako eskualdetan. Beraz, guri dagokigu aurretik joatea, bidea zabaltzea, jendea ilusionatzea, mugitzea, zonalde hauetan euskaraz bizitzeko hautua orokorra dela erakustea”, adierazi zuen.