Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain zenbait astez egon ondoren, azkenean, Getariako Stella Maris Berria arrantzontzia izandako Aita Mari erreskate ontziak Lesboseko irletara joateko baimena eskuratu du. Bihar, 18:00etan, larrialdietarako materialez beteta, Pasaiako portutik irtengo da. Guztira zortzi tona material eramango ditu; horien artean, batez ere, neguko arropa, oinetakoak, mantak eta kanpin-dendak.

Konponketa batzuk egiteko asmoarekin, erreskate ontzia uztailean heldu zen Pasaiara. Abuztuaren amaierarako bukatu zituzten konponketa lanak, eta orduz geroztik, Madriletik jaso berri duten baimenaren zain egon dira. Aita Mari errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskaintzera Greziara joango da. Erreskateak egiteko lortutako baimena, ordea, oso mugatua da. Erreskateak ezin ditu modu aktiboan egin, soilik, ustekabeko egoeretan egin ditzake.

Aita Mari ontziaren jabea den Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak salatu du baimen hori, ohiko egoeretan, Merkataritzako ontzidiaren bulegoak 24 ordutan ematen duela eta beraiek asteak daramatzatela horren zain. Gainera, erreskateak modu aktiboan ez egitearen araua hausteak 900.000 euroko isuna suposa diezaiokete.

Argazkia: artxibotik hartuta