Getariako Udalak urriak 17 eta 24 bitartean Mendi Astea antolatu du. Mendi Asteari biharko hitzaldiarekin emango zaio hasiera. Alhondigan, 19:00etan hasita, Ainhoa Lendinez eta Igone Campos euskal kirolariek Pyrinees Stage Run: Bi emakumeren mendi bidaia hitzaldia eskainiko dute. Lendinezek eta Camposek lasterketa ugaritan hartu izan dute parte eta 2018ko Pyrinees Stage Run bikotekakoa irabazi zuten.

Hurrengo ekintza datorren igandean, urriaren 20an, egingo da. Mendi-taldeak Araotz, Andarto eta Aitzulo mendietara irteera antolatu du. 18 kilometrotako ibilaldia izango da eta bost ordu inguru beharko dituztela aurreikusten dute. Irteera goizeko 7:00etan izango da. Izena bihar, urriak 17, baino lehen eman behar da turismo bulegoan edota 943 140 957 telefono zenbakian.

Mendi Asteari datorren astean emango zaio amaiera. Iturzaeta Herri Eskolako aretoan, urriaren 24ean, ostegunean, Silvia Trigueros euskal mendi-lasterkariaren inguruan landutako Tor dokumentala eskainiko da. Emanaldiaren ondoren, hitzaldia eskainiko du Triguerosek berak.

Argazkia: barren.eus