Donostiako Euskal Itsas Museoan, Daniel Zulaika medikuak eta historialariak bere ikerlana aurkeztu du: Elkano, euskaldunak eta munduaren inguruko lehen itzulia. Aurkezpenean izan dira: Denis Itxaso, Gipuzkoako Kultura diputatua eta Elkano 500 Fundazioko patronoa; Ion Irurzun, Elkano 500 Fundazioko zuzendaria; eta Xabier Alberdi, Euskal Itsas museoko zuzendaria.

Liburu hau bi urtetan zehar egindako lanaren emaitza izan da. Bertan, duela 500 urte Juan Sebastian Elkanok egindako mundubiran euskaldunek izan zuten zeregina aztertu eta dokumentatu du Zulaikak. Bere hitzetan “ez zen kasualitatea izan euskaldunak munduaren lehen itzulian izatea”. Izan ere, XVI. mendean, euskaldunek nabigaziorako eta ontzigintzarako zuten gaitasuna Europako onenetarikoa zen. Lan gehienetan ez bezala, Magallanesengan edota Elkanorengan jarri beharrean fokua, espedizioan parte hartu zuen taldeari, osoki, eman dio garrantzia.

Itxasok adierazi du lan honek ederki islatzen duela euskaldunok gizadiaren lorpen garrantzitsuenetariko batean egindako ekarpena eta horrek “Euskadiri errekonozimendu handia eman dio, dudarik gabe”. Irurzunek, bestalde, adierazi du beharrezkoa zen bateratze lana egin duela. Izan ere, “euskaldunak munduaren lehen itzuliari buruzko dokumentu askotan agertu arren, informazio hori sakabanatuta zegoen”.

Ontziratu zirenen artean, 22 bizkaitarrak ziren, bederatzi gipuzkoarrak eta hiru nafarrak. Horrez gain, itsasoratu ziren bost naoetatik hiru, Victoria, San Antonio eta Trinidad hain zuzen, Ondarroa, Erandio eta Lekeitiokoak ziren, hurrenez hurren. Euskaldunen artean marinelak ziren batzuk, beste batzuk, berriz, zurginak, bikeztatzaileak, arma-gizonak, bizargina eta despentsaria. Horietatik guztietatik seik lortu zuten munduari bira ematea: bi gipuzkoarrek, Elkano eta Pedro de Tolosa; eta lau bizkaitarrek, Juan de Acurio, Juan de Zubileta, Juan de Arratia eta Pedro Chindarza.

Liburua euskaraz zein gaztelaniaz kaleratu dute, eta bertsio digitalean ere eskuratu daiteke, doan. Horretarako, jo Elkano 500 Fundazioaren edota Euskal Itsas Museoaren webgunera. Paperezko aleak, berriz, EAEko liburutegi publikoen sarean banatuko dira.

Argazkia: Elkano 500 Fundazioa