Bart gauerdiko 00:01ean sartu dira indarrean Europako esportazioentzat Donald Trumpek, AEBetako presidenteak, iragarritako zergak. Europako hainbat produktu, besteak beste, ardoa, olioa, gazta eta aeronautikakoak zigortu ditu. Neurri horiek bete-betean harrapatu dute txakolina zein Arabako eta Nafarroako errioxar ardoa. Izan ere, horientzat Estatu Batuetako merkatua atzerriko hiru merkatu garrantzitsuenetako bat da.

Atzerrira esportatzen den Getariako txakolinaren %66a AEBtara saltzen da. Hori dela eta, Getariako upategiengan, %25eko muga-zerga berri horrek eragin nabarmena izan dezake. Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak, ardogintzaren sektoreari laguntzeko neurri bereziak hartuko dituela adierazi du. Besteak beste, Ardoa Basque Wine Office martxan jarriko dute. Bulego horrek Arabako Errioxaren eta txakolinaren upategiei merkatu nazionalean, estatu mailan zein nazioartekoan lantzen dituzten estrategiak indartzen lagunduko die.

Munduko Merkataritza Antolakundeak (MMA) Europako 1500 produkturi muga-zergak jartzeko baimena eman dio Trumpen gobernuari. AEBk mendeku gisa hartutako neurria da. Izan ere, urteak dira Airbusen eta Boeingen, hurrenez hurren, Europako eta Estatu Batuetako eraikitzaile aeronautikoen arteko gerra piztu zela. Europako hainbat herrialdek Airbus enpresari laguntza eskaini zioten, eta orain, kaltetu handienak, Airbus partzuergoko kide diren Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuetako nekazal produktuak izango dira.