Getariako Udalak deituta, Kataluniako Procésaren aurkako epaia eta zigorrak salatzeko kontzentrazioa egin dute eguerdian zenbait herritar eta udal ordezkarik. Adin ezberdinetako pertsonak batu dira elkarretaratzean, Herrialde Katalanetako, presoen aldeko eta askatasuna aldarrikatzeko banderekin.

Gaurko ez ezik, bihar, urriak 19, Donostian egingo den manifestaziorako deia zabaldu du Udalak. 17:30ean hasiko da martxa Antiguatik.

Indauxko langileak

Getariako eta Aiako Indauxko langileek ere bat egin dute Kataluniako herriarekin. LABetik adierazi dutenez “Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia salatzeko” mobilizatu dira, eta egoera hori “Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko” ere aprobetxatu dute.

Kataluiniako auzia demokraziaren eta askatasunaren aurkako eraso larritzat jo dute eta Kataluniako herriari “babesa eta bultzada” eman nahi izan dizkiote. “Bizi duen lurralde krisiari eta krisi sozialari aterabide demokratikorik emateko inolako asmorik ez duela” esanez, Espainiako Estatuaren jokabidea kritikatu dute.