Bihar, azaroaren 7an, Errigoraren saskiak eskatzeko aukera izango da. 18:00etatik 20:00etara, Eskubide Sozialen Kartakoak Berdura plazan izango dira eta bertan saskien eskaera egin ahalko da. Bestalde, azaroaren 20a bitartean, drogerian edota farmazian ere egin daitezke eskaerak. Eskatzaileek abenduaren 12an jasoko dituzte otar horiek.

Aurten eskaintza berritu dute, eta bi saski beharrean hiru egongo dira. Alde batetik, saski beltza dago. Saski hori betiko saskia da eta 50 € balio ditu. Bestetik, saski berdea; hori, berriz, saski ekologikoa da eta 60 € ordaindu behar dira. Azkenik, saski zuria. Saski horri berezia deitzen diote eta 70 € balio ditu.

Errigorak urtean bi kanpaina egiten ditu, eta honako hau udazkenekoa da. Kanpainak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka izena du. Otar horiekin, bertako ekoizpena sustatu nahi da, baina horrez gain, jasotako diruaren %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute.

2013an egin zuten lehenengo kanpaina, eta orduz geroztik, Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematen ari diren proiektuetara 1.000.000€ bideratu dituzte. Orain arte bezala, diru ekarpena zonalde zigortuko ikastolek, AEK-k eta Sortzenek jasoko dituzte. Aurten, ordea, proiektu horiez gain, Agerraldia deitu dioten ekimenera ere bideratuko dute dirua. Ekimen horren helburua da jarduera eta ekintza zehatzen bitartez, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, euskararen ezagutza zabaltzea, erabilera handitzea eta aldeko jarrerak indartzea.