Climate Central zientzialariek eta kazetariek osatutako erakunde independiente bat da, eta klima aldaketaren eta horrek gizartean sortzen dituen ondorioen inguruko ikerketak eta analisiak egiten ditu. Itsas mailaren igoeraren inguruan egindako azterketa berri batetik emaitza oso kezkagarriak atera dituzte. Emaitza horiek, besteak beste, mapa interaktibo baten bitartez aurkeztu dituzte, eta bertan, munduko herrialdeetan itsas mailaren igoerak ur azpian zein lurralde utziko dituen adierazten da.

Goiko argazkian Getarian itsas azpian geratuko diren eremuak zehazten dira. Gorriz agertzen diren eremuak 2050. urtean ur azpian egotea aurreikusten da. Aurreikuspen horien arabera, besteak beste, urak hartuko lituzke Ketarri eta Gaztetape hondartza lotzen dituen edota Astillero jatetxearen aurreko pasealekuak, dike berria, gurutze-gorriaren inguruko aparkalekuak eta Zarautz eta Zumaia arteko errepidearen zati ugari.

Mundu mailako ondorioak

Berotze globala dela eta, 1880. urtea geroztik zortzi hazbete (20,32 cm) inguru igo da itsas maila. Goranzko joera hori mantentzeaz gain, gero eta azkarragoa ari da bilakatzen. Aurreikuspenak negatiboak dira, eta mende honetan itsas mailak 2 eta 7 oin (0,6 m eta 2,1 m) artean gora egingo duela espero dute. Igoera hori gizarteak sortzen duen kutsaduraren araberakoa handiagoa edo txikiagoa izango da.

Climate Centralek egindako azterketa horrek ondorioztatu du itsas mailaren igoerak orain arte uste zena baino milioika pertsona gehiagori eragingo diola. 2100. urterako itsas mailaren igoerak 200 milioi pertsonari eragingo dio, eta horiek bizi diren lurraldeak itsasgora denean ur azpian geratuko dira. Hala ere, gizakiak mehatxu horiei aurre egiteko eraikitzen dituen dikeek edota beste eraikuntza batzuek ondorioak txikiagotu ditzakete.

Egun, 110 milioi pertsona itsasgoraren lerroa baino beherago bizi dira. Lurralde horiek, ordea, itsasoarengandik babesteko gizakiak egindako eraikuntzei esker, nolabait, salbu daude, baina etorkizunari begira baliogarriak izango diren ala ez ezin da jakin.