Nazioarteko Astronomiaren Batasunak ehun urte betetzen ditu aurten, hori dela eta, munduko herrialde guztiei izar bati eta haren exoplanetari izena jartzeko aukera eskaini die. Espainiak Ofiuco konstelazioan dagoen HD 149143 izarrari eta haren exoplanetari, HD 149143 b, jarri behar die izena. Izarra izar hori txiki bat da, gure eguzkiaren antzekoa. Lurretik 240 argi urtera dago, bere masa eguzkiarena baino 1,21 aldiz handiagoa da eta erradioa, berriz, 1,49 aldiz handiagoa. Exoplanetaren masa, berriz, Júpiter planetarena baino 1,33 aldiz handiagoa da, gutxienez. Bere izarretik oso gertu dago; bere inguruan bira emateko, soilik, lau egun behar ditu. Hori dela eta, exoplaneta hori oso tenperatura altuetan dago.

Datorren asteartea, azaroaren 12a, bitartean, herritarrek izarrarentzat eta exoplanetarentzat gustukoena duten izena bozkatzeko aukera izango dute. Espainiako Astronomia Elkarteak (SEAk) 12 proposamen egin ditu guztira eta bozka gehien eskuratzen dituenak irabaziko du. Botoa webgune honen bitartez eman behar da. Nazioarteko Astronomia Batasunak abenduaren erdi aldera egingo ditu publiko herrialdeek izar eta exoplaneta bakoitzari esleitutako izenak.

Virginia Garcia (Argazkia: aranzadi.eus)

ARTZAPEk Virginia Garciarekin hitz egiteko aukera izan du. Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia saileko kidea da, eta proposamena nondik iritsi den eta zein helbururekin egin den esan digu.

Nondik sortu da izar eta exoplaneta horiei izena jartzeko proposamena?
Nik proposamena Espainiako Astronomia Elkartearen webgunean ikusi nuen. Bertan, izar eta exoplaneta horiei izena jartzeko proposamen ugari egin zituzten, eta horien artean Iruñeko planetarioak egindakoa ikusi nuen. Azken honek izarrari Elkano izena jartzea proposatzen zuen eta bere exoplanetari, berriz, Victoria. Beraz, proposamena Iruñeko planetariotik sortu da.

Zergatik izen horiek?
Aurten, mundubiraren 500. urteurrena izanik, omenaldi gisa egin duten zerbait izan da. Fernando Magallanesek hego-hemisferioko zeruetan badu bere lekua. Izan ere, bertan, Magallanes izena duten hodeiak daude. Elkanok ere zeruan bere lekutxoa izatea ez da ideia txarra.

Zein da izen horiek jartzearen helburua?
Lehenengo mundubira hura gogoraraztea. Azken finean, Elkano izena proposatzen da, baina horrekin, mundubira hartan parte hartu zuten pertsona guztie egin nahi zaie omenaldia. Gainera, izar hori aztertzen jarraituko dute, eta oraindik, haren inguruan exoplaneta gehiago ere aurkitu ditzakete. Izarrari Elkano izena jartzeak, exoplaneta horiei beste izen batzuk jartzeko aukera ere eskaintzen du.

Izar eta exoplaneta horiek hemendik ikus al daitezke?
Bai, batez ere udaran. Hala ere, izarra ikusi daiteke, baina exoplaneta ez. Exoplaneta ezin da hain erraz ikusi. Izan ere, hura ikusteko, izarraren argitasuna kontutan izan behar da. Argitasun hori neurtu eta izaten dituen aldaketak kontutan hartuta iritsi daiteke hura ikustera. Izarra ere begi hutsez ezin da ikusi, beharrezkoa da teleskopio bat erabiltzea.

Zergatik bozkatu Elkano eta Victoria izenak?
Niretzat Elkanok egin zuena garrantzitsua izan zen. Bera izan zen, bere tripulazioarekin batera, munduari bira eman zion lehen pertsona. Eta kontutan izan behar dugu gertaera hura noiz izan zen. Bidaia 1522. urtean amaitu zuten. Galileok, berriz, lehen teleskopioa 1609an sortu zuen. Beraz, mundubira baino ia ehun urte beranduago esan zuen Galileok mundua eguzkiaren inguruan mugitzen zela eta ez alderantziz. Hori dela eta, Elkanok egin zuena, garai hartarako, garrantzitsua izan zen.

Argazkia: rpp.es